Politika -

97ko dekretua indarrean berriz

Nafarroako Ganberak UPNren osasun-laguntzaren dekretua indargabetu du

Oposizioak 27 eserleku batu ditu (50 dira guztira) Foru Dekretua indargabetzeko, kontrako taldeek esaten dutenez, landa guneak baztertu, eta zerbitzua eta langileen baldintzak txartzen ditu.

Indargabetuta geratu da Barcinaren Gobernuak onartutako neurri berria. Irudia: EITB
Indargabetuta geratu da Barcinaren Gobernuak onartutako neurri berria
Indargabetuta geratu da Barcinaren Gobernuak onartutako neurri berria. Irudia: EITB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako Parlamentuko osoko bilkurak indargabetu egin du UPNren Gobernuak Etengabeko eta Larrialdizko Osasun-Laguntzaren inguruko Dekretu Forala, eta urtebeteko epea eman dio denen artean adostu beharreko plan berri bat aurkezteko.

PSNk, Na Baik, Bilduk, I-Ek eta Gero Baitik kanpokoek batzen dituzten 27 eserlekuez baliatuta (guztira 50 dira) egitasmoa bultzatu eta babestu dute, euren iritziz, landa guneak baztertu, zerbitzu txarragoak bilatu eta langile profesionalen lan-baldintzak txartzen dituelako.

Legedian hutsune bat egon ez dadin, taldeek lege proposamenaren zuzenketa bat aurkeztu dute Dekretua indargabetzeko eta behin-behinean 1997an onartutakoa indarrean sartzeko, erakunde eta profesionalen gehiengoak babestu zuelako.

Samuel Caro PSNko kideak esan duenez, indargabetutako dekretuak "erbitzu txarrago bat eraginkortasunez mozorrotuta eskaintzen zuen".

Bakartxo Ruizen (Bildu) esanetan, “egun garrantzitsua dugu oposizioak gizartearen senari erantzuna eman diolako”.

Na Bairentzat, osasunak aldaketak behar ditu “baina murrizketak inoiz ez”, Asun Fernandez de Garaialdek bota ditu adierazpenok.

Dekretua abenduaren 19an onartu zuten, eta honakoa zuen helburu: “Lehen Mailako osasun zentroen eta Etengabeko eta Larrialdizko Arreta Guneen ordutegia eta egunerokoa ezarri”; halaber, Larrialdizko eta Etengabeko Arreta Guneak zeintzuk ziren, eta etengabeko eta larrialdizko arreta ereduak zehaztu egiten zituen.

Dekretuak hiri eta landa guneak sailkatzen zituen,  eta horien araberako zerbitzua ezarri; hiriguneak, 1, 2 eta 3 ereduetako landaguneak eta zentro bereziak ziren guneak.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea