Politika -
Presoen sakabanaketa
Egibar, presoen inguruko bozketa berriro errepikatzearen aurka
Bestalde, Gipuzkoako EAJren presidenteak ezker abertzalearen jarrera gogor kritikatu du, espetxe politika malgutzea defendatzen duen zuzenketaren alde ez bozkatzeagatik.
Erredakzioa
Bakartxo Tejeria Legebiltzarreko presidenteak presoen sakabanaketaren amaieraren aldeko bozketa errepikatzea proposatu duen arren, Joseba Egibar EAJren bozeramailea aurka azaldu da.
PSE-EEren diputatu baten akatsari esker atera zen aurrera presoen sakabanaketaren aurkako EAJren zuzenketa.
Radio Euskadin esan duenez, ez zen akats teknikoa izan, Blanca Roncal legebiltzarkidearen hutsegitea baizik, horregatik, errepikatzearen aurka azaldu da.
"Irizpidea errespetatzen dut, baina ez dut horrekin bat egiten", adierazi du Tejeriak atzo bozketa errepikatzeko agindu ostean.
Egibarren iritziz, "sistema elektronikoak bozkatzea ekiditea edo akatsen bat egotea gauza bat da, eta arreta ez jartzea beste bat".
Testua berriro bozkatzekotan, ez dela aurrera aterako iragarri du Egibarrek, EAJren aldeko bozak bakarrik izango dituelako. PSE-EEk, PPk eta UPyDk aurka bozkatuko dutela eta EH Bildu abstenitu egingo dela azaldu du.
Ildo honetan, EAJren Gipuzkoako presidenteak gogor kritikatu du ezker abertzalea, espetxe politika malgutzea defendatzen duen proposamena ez babesteagatik.
"EH Bilduren jarreran ez dut inkoherentzia handiagorik ikusi", ondorioztatu du.