Politika -
Omenaldia
Pagazaurtundua: 'Gure familiak ez du mendekurik nahi, Legea baizik'
Anaia hil zutenetik pasatu diren hamar urteen balantzea egin du Maite Pagazaurtunduak eta "etorkizunari azpijokorik gabe aurre egiteko aukera ezin hobea" dagoela uste du.
Erredakzioa
Maite Pagazaurtundua AVT Terrorismoaren Biktimen Elkarteko presidente ohiak adierazi du bere familiak ez duela mendekurik nahi, eta "Legea bakarrik eskatzen" dutela esan du.
Joseba Pagazaurtunduaren hilketaren hamargarren urteurrenean Andoainen egin duten ekitaldian hitz egin du. Atzo, PSE-EEk omendu zuen eta ekitaldi horretan bezalaxe, "Josebaren etxea" izeneko eskulturaren aurrean omendu dute ETAren biktima.
Ekitaldian, Rosa Diez UPyDko buruzagia, Gorka Maneiro alderdi horretako legebiltzarkidea, Asuncion Guerra Gipuzkoako PPko biltzarkidea eta Ruben Mugica, ETAk orain 17 urte hildako Fernando Mugica sozialistaren semea egon dira, besteak beste.
Maite Pagazaurtunduak anaia hil zutenetik pasatu diren hamar urteen balantzea egin du. "Aukera ezin hobea dago etorkizunari azpijokorik gabe aurre egiteko, bidegabe sufritu dutenen zauriak ixteko eta gizarte gisa berrazteko", adierazi du.
"Horregatik, hamar urte geroago, biktimen aurrean beharrean, hiltzaileen aurrean planto egiteko eskatzen diegu politikariei eta herritarrei", esan du.
Terrorismoaren Biktimen Elkarteko presidente ohiak azpimarratu du ez dutela mendeku hartu nahi, "Legea besterik ez dugu eskatzen". "Lege eskuzabala gainera, norbanakoaren birgizarteratzea ahalbidetuz, hiltzaileek eta horiei babesten dietenek hautsi nahi dutena, hain justu", ondorioztatu du.