Politika -
Harremana Rajoyrekin
Urizar: 'EAJk ez dio subiranotasunagatik Estatuari aurre egingo'
EH Bilduko legebiltzarkideak azpimarratu duenez, Mariano Rajoy Gobernuko presidentearekin "ahalik eta harreman goxoenak" izan nahiko du alderdi jeltzaleak.
Erredakzioa
Pello Urizar EAko idazkari nagusi eta EH Bilduko legebiltzarkideak adierazi duenez, Mariano Rajoy Gobernuko presidentearekin ahalik eta "harreman goxoenak" izan nahiko ditu EAJk. Alderdi jeltzaleak "ez dio subiranotasunaren alde Estatuari aurre egingo", iragarri du Urizarrek.
Halaber, Iñigo Urkullu lehendakariak "hitzaldi patxadatsua izango du"; Andoni Ortuzar EAJko presidenteak, berriz, "Arzallusen mezua erabiliko du, subiranotasunaren alde dauden jeltzaleak pozteko".
"Ez zaie aurre egiteko asmorik antzematen, 2008an, Juan Jose Ibarretxe lehendakariari erreferenduma egitea galarazi ziotenean, antzematen ez zitzaien bezala". "Ez dut uste bokazio subiranoa dutenik, horrek erabaki arriskutsuak hartzea ekarriko lukeelako, Kataluniako alderdiek egin duten bezala", adierazi du Urizarrek.
Hori dela eta, egun, Iñigo Urkullu lehendakariak "mintzaira patxadatsua " izango duela uste du Urizarrek, "bi gobernuen artean arazorik ez egoteko". Andoni Ortuzar EAJko presidenteak, ordea, "beste mezu bat helaraziko du, Arzallusenaren antzekoa, subiranotasunaren alde dauden jeltzaleak piztu zituen mezuetako horietako bat, alegia". "Egoera horrela uzteko jokoa da", esan du.
'Barcenas auzia'
Ustelkeriarekin lotutako auziei buruz hitz egin du Urizarrek, tartean, Luis Barcenas PPko diruzainaren kasua. "Askok Espainia salatzen zuten 'jaia eta parranda'ren eredu zelako", esan du, "eta dirudienez, orain ustelkeriaren eredu ere bada. Ez da gure eredua, gure etorkizuna eta bidea aukeratzeko gaitasuna dugu".
Urizarren esanetan, Rajoyk dimititu egin beharko luke, "duda izpirik gabe", eta "hauteskundeak aurreratu beharko lituzke, nahiz eta PSOEk ez eskatu, sinesgarritasuna zoruaren parean duelako".