Politika -

Sortu

Barrena:'Idazkaritza nagusia gordeko diogu Otegiri hala erabakiz gero'

Pernando Barrenak adierazi duenez, Sortuko militantziak Arnaldo Otegi aukeratzen badu, postua hutsik geratuko da bera kargua hartzeko gai den artean.

Pernando Barrena Radio Euskadin (Artxiboko argazkia). Argazkia: EITB
Pernando Barrena Radio Euskadin (Artxiboko argazkia).
Pernando Barrena Radio Euskadin (Artxiboko argazkia). Argazkia: EITB

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pernando Barrena ezker abertzaleko kideak jakinarazi duenez, larunbatean Sortuko militantziak Arnaldo Otegi idazkari nagusi aukeratzen badu, kargua gordeko diote.

Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean adierazi duenez, "militantziari ardura postuak betetzeko izenak proposatzeko eskatu diogunean Arnaldo Otegiren izena atera da behin eta berriz, batez ere idazkaritza nagusirako".

Otegi Logroñoko kartzelan dagoenez, baina, ezingo luke segituan Sortuko idazkari nagusi kargua hartu. Hala ere, militantziak hala erabakitzen badu, kargua gordeko diote.

Pernando Barrenak larunbateko bozketan parte hartzeko deia egin die Sortuko militanteei. Horren hitzetan, bera da bozeramaile kargua betetzeko hautagaietako bat, baina ez bakarra, bost hautagai baitira guztira.

Ezker abertzaleko kideak adierazi duenez, 6.000 lagunetik gora ari dira parte hartzen Sortu eratzeko prozesuan.

Desarmea

Barrenaren arabera, ez da aurrerapauso nabarmenik egon desarmearen inguruan, eta presoen gaia, esaterako, "ezin da aldebakartasunetik konpondu".

"Pausoak eman dira, ematen ari dira orain, eta etorkizunean ere emango dira, Madrildik aldebiko eskema bat proposatzen ez duten bitartean. Nire iritziz, edozein alorretan eman daitezke pausoak, baina ezingo da inoiz ezer konpondu aldebiko parte-hartzea ez badago, eta are gutxiago desarmearen inguruan".

Bestalde, EAJ kritikatu du desarmea gertu dagoela esateagatik, eta jarrera "arduragabe" horren atzean zein helburu dagoen galdetu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea