Politika -
Nafarroa
Geroa Bai, PSN eta EH Bildurekin bloke progresista eratzearen alde
Azken urteotan “alternantzia hutsa izan diren azken gobernuen aurrean beste aukera bat izatea da, eta oinarri progresista izanda”, Uxue Barkosek jakinarazi duenez.
Erredakzioa
Geroa Bai Nafarroako politikan 'bloke progresista' bat eratzeko proposamenak lantzen ari da, azken urteotan izandako gobernuen aldean "alternatiba" izateko helburuarekin eta bertan PSNk eta ezker abertzaleak egoteko "aukera izan" dezaten, orain arte "bloke itxiak" izan baitira.
Horrela azaldu du Uxue Barkos Geroa Bairen diputatu eta Iruñeko zinegotziak egin duen prentsaurreko batean; bertan esan duenez, bere alderdiak "oso argi" dauka "Nafarroan azken urteotan izan dugunaren aurrean, hau da, alternantzia hutsaren aurrean, alternatiba izatearen aldeko apustua".
"Beste aukera bat nahi dugu, aldaketa nahi dugu eta aldaketa sakona gainera, eta gauzak egiteko, fiskalitatea kudeatzeko, autogobernuaren alde egiteko, enplegua bilatzeko, alegia, gizarte hau bere osotasunean elkarlotzeko beste modu bat nahi dugu. Eta gainera oinarri progresista bat izanda", gaineratu du.
Horretarako, Geroa Bai bere proposamenak lantzen ari da, Nafarroako errealitatearen irudia zehazteko lantalde sektorialak eginda eta, hori oinarri hartuta, parte-hartzea eta nahi dutenen ekarpenak hartzeko zabalik den dokumentu bat idatzita, apirilaren 13an 'Nafarroan alternatiba bultzatzeko Jardunaldiak' ekitaldian eztabaidatzeko.
Geroa Baik "benetako oinarri horien alde egingo du lan. Gizarte osoari eta gainerako alderdiei proposamen jakinik egin gabe, ezin da hauteskundeetara jo, ezta alternatiba izateko aukerarik eskaini ere"; izan ere, "zerga proposamen bat eraman nahi badugu, indar progresista guztiok adostutakoa izan behar dela pentsatu beharko dugu".
"Hori da gure nahia: Nafarroaren aldaketaren alde lan egiteko prest egongo den bloke progresista bat egitea", eta bertan, esan duenez, "PSNk eta ezker abertzaleak lekua izango dute, baita Izquierda-Ezkerrak ere". Halere, Barkosen arabera, blokean "nahi duenak eta herritarrek hala nahi izanez gero, ordezkaritza dutenek parte hartu ahal izango dute".