Politika -
EiTBko zuzendari berria
Jaurlaritzak Agirreren izendapena onartu eta Legebiltzarrera igorri du
Baliteke EiTBko zuzendari nagusiaren inguruko eztabaida otsailaren 28ko osoko bilkuran egitea. EAJk eta PSE-EEk Mikel Agirreren hautagaitza babestuko dute.
Erredakzioa
Mikel Agirre EiTBko zuzendari berria izateko proposamena onartu du gaur goizean Eusko Jaurlaritzak. Dagoeneko, hautagaitza Legebiltzarrera igorri du, proposamena otsailaren 28an egingo duten osoko bilkuran eztabaidatu ahal izateko.
EAJk eta PSE-EEk atzo iragarri zuten Mikel Agirreren hautagaitzaren inguruko hitzarmena. Orain, Legebiltzarraren gehiengoak berretsi beharko du erabakia. Jeltzaleen eta sozialisten botoak nahikoak izango dira izendapena aurrera ateratzeko, baina baliteke gainerako taldeek aurkako botoa ematea.
Atzo, EH Bildu koalizioak kritikatu egin zuen EAJren eta PSE-EEren arteko akordioa, EiTBren zuzendaritza berriaren inguruko eztabaidarik ez delako egin. Hala ere, EH Bilduk ez du oraindik bere botoa zein izango den argitu.
EAEko popularrek ere ez dute euren jarrera zehaztu, baina Iñaki Oyarzabal idazkari nagusiak esan du "litekeena" dela aurkako botoa ematea. "Eserlekuen banaketa egiten ari dira, baina ez dute EiTBren inguruko eredu zehatzik proposatu".
"EAJk nahiago izan du euren jendea telebistaren zuzendaritzan jarri, baina guk aniztasuna errespetatuko duen telebista publiko bat defendatu behar dugu. Azken finean, denon artean ordaintzen dugu", gaineratu du.
UPyDk, berriz, Mikel Agirreren hautagaitzari "ezezko biribila" esango diola iragarri du gaur goizean.
Gorka Maneiro legebiltzarkideak esan du EiTB eta EAEko Justizia Auzitegia "alderdikerietatik" kanpo utzi behar direla.