Politika -
Polemika
Erregeak abdikatu eta printzea trantsizioko buru izatea eskatu du PSCk
PSOE ez dator bat “inolaz ere” Pere Navarro PSCko lehen idazkariak egindako eskaerarekin, eta horren adierazpenak “guztiz desegokitzat” hartu ditu.
Erredakzioa
Pere Narro PSCko lehen idazkariak erregeak abdikatzea eta printzea "bigarren trantsizioko", eta "Espainiak behar dituen aldaketa sakonen eta modernizazioaren" buru izatea, eskatu du asteazken honetan.
"Errelebu lasaia izango litzateke, eta geure denboren beharrei erantzungo lioke. Hala izan ezean, herritar askok sistema monarkikoa bera aldatzea tokatuko litzatekeela pentsatuko lukete, eta arrazoia ez litzaiekeela falta izango uste dut, denboran erreakziorik ez baldin badago", azaldu du ehunka enpresariaren aurrean, Bartzelonako Merkataritza Ganberan.
Navarrok “konbentzitutako errepublikanoa” dela gogoratu du, baina Juan Carlosek demokraziari eta Espainiaren ongizateari egindako ekarpena laudatu, eta “errege ontzat” hartu du.
Halere, Kataluniako sozialisten liderraren ustez, monarkiak "ezin dezake Espainiak behar dituen aldaketetatik kanpo gelditu", horregatik, Koroa "modernizatzera" eta "herritarrek egun eskatzen dituzten gardentasun arauak onartzera" gonbidatu du.
PSOEk erregearen abdikazio eskaera errefusatu du
PSOE ez dator bat “inolaz ere” Pere Navarro PSCko lehen idazkariak egindako eskaerarekin, eta horren adierazpenak “guztiz desegokitzat” hartu ditu.