Politika -

Gatazka

Europak Arabako eta Bizkaiko herentzien zergak aldatzea exijitu du

Ultimatuma bete ezean, Europako Batzordeak Europar Batasuneko Justizia Auzitegira eramango luke Arabako eta Bizkaiko zergen auzia.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europako Batzordeak Arabako eta Bizkaiko Lurralde Historikoek herentzietan eta transferentzietan aplikatzen diren zerga-erregimen bereziak aldatzea exijitu du, Europako araudiarekin bat ez datorrelako.

Komunikatu baten bidez, Europako Batzordeak Espainiari txosten bat bidali diola iragarri du (legearekin bat ez etortzeagatik isuna jartzeko prozesuaren bigarren urratsa da). Espainiak araudia aldatu eta aldaketaren berri emateko bi hileko epea du, eta hori bete ezean, Batzordeak Luxembourgheko Auzitegira joko duela esan du.

Europaren arabera, erregimen berezia dela eta, EAEko tokiko administrazioek, Foru Aldundiek eta lurraldeetako bestelako erakundeek ateratzen duten zor publikoa "tratu hobeakoa dute zergak ordaintzeari dagokionez".

Diskriminazioa

"Ondorioz, administrazioek ateratako zor publikoek zerga gutxiago ordaintzen dituzte herentzien kasuan, bestelako zorrekin alderatuta, eta horrek Europako beste Estatuak diskriminatu egiten ditu", azpimarratu du Europako Batzordeak.

Batzordeak emandako epea bete ezean, Arabako eta Bizkaiako herentzien eta transferentzien gaineko zergen erregimen berezia Europar Batasuneko Justizia Auzitegira eramango lukete. Auzitegi hori izan zen, hain zuzen, iaz EAEko opor fiskalen kontra egin zuena.

Bizkaiaren erantzuna

Bizkaiko Foru Aldundiak oharra atera du Europako Batzordearen eskaerari erantzuteko. Ohar horretan esaten duenez, ez du araudia inola ere aldatuko, Luxemburgoko Auzitegiak erabaki bat hartu arte.

Auzitegiak Arabako eta Bizkaiko legeen kontra egingo balu, ez legoke zergaitik isunik ordaindu behar ezta zergadunen dirua berreskuratu, opor fiskalen kasuan gertatu bezala.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea