Politika -

Kontrol saioa

Euskadi 'nazio bezala hazteko' konpromisoa berretsi du Urkulluk

Indarkeria terroristaren amaierak "garai berria" ekarri duela azpimarratu du. "Ezin dugu ibili ezer aldatu ez balitz bezala", gaineratu du Estatuko Segurtasun Indarren inguruan aritu denean.

Iñigo Urkullu lehendakariaren Gobernuaren lehen kontrol saioa izan da gaurkoa. EITB.
Iñigo Urkullu lehendakariaren Gobernuaren lehen kontrol saioa izan da gaurkoa. EITB.
Kontrol saioa, Legebiltzarrean

1:03

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariak Euskadi "nazio bezala hazteko" duen konpromisoa berretsi du, euskal gizartearen gehiengoak "errealitate nazionala" aintzat hartzea nahi duelako.

Urkulluk oposizioaren hainbat galderari erantzun behar izan die Gasteizko Legebiltzarrean, Exekutiboari egindako lehen kontrol saioan.

Lehendakariaren hitzetan, orain "aukera daukagu autogobernuaren estatusa eguneratzeko, baina korronte politiko guztiek adostatutako oinarri batekin".

"Euskadi nazio gisa haz dadin nahi dugu, Europan hazi eta euskal nazioaren aintzatestea lortzea", azpimarratu du.

Halaber, lehendakaria atzerriko ordezkaritzak "bultzatzearen eta indartzearen alde" agertu da, Euskadiren ekonomia eta kultura atzerriko herrialdeetatik zabaltzeko.

Jonan Fernandezen aldeko hitzak

Bestalde, eta Arantza Quirogak (PP) Jonan Fernandezen izendapenari egindako kritikei erantzuteko, lehendakariak Fernandezen lana goratu du eta PPri konfiantza izateko eskatu dio.

Gainera, Bake eta Elkarbizitza Idazkaritzako kideen profila "aproposena" da. "Ezagutzen ditut eta haien balioa zein den ezagutzen dut, euren zintzotasun intelektuala, lanerako gaitasuna eta bakearen eta giza eskubideen alde egindako lana. Talde-lan bikaina egiteko duten ahalmenean konfiantza daukat", azladu du Urkulluk.

Espainiako Polizia eta Guardia Zibila

Antonio Basagoti Euskadiko PPko liderrak, bestalde, Estatuko Segurtasun Indarren egoeraz galdetu dio lehendakariari, ETAk ekintza armatuen behin betiko etena iragarrita.

Urkulluk "garai berria" bizi dugula azpimarratu du, eta egoera berri horretan "ezer aldatu ez balitz bezala jokatzea" oker legokeela erantzun dio Basagoitiri. Horrez gain, Autonomia Estatutuak eta Ajuria Eneako Itunaren arabera, Euskadiko Polizia Ertzaintza dela argi eta garbi adierazita dagoela gogorarazi dio.

Espainiako Polizia eta Guardia Zibila Euskaditik ateratzearen eskaera "legea betetzeko eta autogobernua errespetatzeko" bidea dela gaineratu du.

Rajoyrekin biltzea kritikatu dio Mintegik

Laura Mintegi izan da lehendakariari galdera egin dion lehen legebiltzarkidea, EH Bilduko ordezkariak Mariano Rajoy eta beste ordezkari batzuekin biltzea aurpegiratu dio Urkulluri, aurretik Legebiltzarrean azalpenik eman gabe.

Urkulluk erantzun dionez, urtarrilaren 30ean Rajoyrekin egindako bilera ez zen sekretua izan eta bertan krisia gainditzeko, bakea eta elkarbizitza sendotzeko eta Euskadirentzako "estatus político berrian aurrera egiteko" lehentasunak azaldu zituen.

Lehendakariak erakunden arteko elkarrizketa "ezinbestekoa" dela esan du, eta, Mintegiri adierazi dionez, oso argi dauka abertzaleak ez direnen lehendakaria ere badela, hau da, Legebiltzarrean dauden "sentsibilitate guztien" ordezkaria ere badela.

Gizarte laguntzak, bermatuta

Juan Maria Aburto Emplegu eta Gizarte Politika sailburuak esan duenez, Jaurlaritzak etxebizitzan egiten diren gastuei "eutsiko" die diru sarrerak bermatzeko errenta, etxebizitzarako laguntza osagarria eta larrialdi sozialetarako laguntzak "bermatzeko".

Horrez gain, diru sarrerak bermatzeko Errentaren eskarien % 100 urte bukaerarako bi hilabeteko epean kudeatuta egoteko konpromisoa hartu du Legebiltzarrean.

EiTB

Cristina Uriarte Hezkuntza, Hizkuntza Política eta Cultura sailburuak EiTBren "eredua epe ertain zein laburrera optimizatzearen alde" egin du, baliabide guztiei etekina atera eta "kostu estrukturala arrazoizkoa" izateko.

Uriartek Gorka Maneiroren (UPyD) galderari erantzun dio. Maneiro EiTB berrantolatzeko beharra azpimarratu du, EAEko biztanleen zergen bitartez 330.000 euro jasotzen baititu egunean.

Sailburuak esan duenez, "telebista publiko merkeagoa, jasangarria, garai berriei lotutakoa eta zentzuzko aurrekontua duena" lortzea da helburua. Halaber, pribatizazioaren kontra agertu da, "euskarazko emisioak bermatuta egon behar duelako".

Udaletako legea

Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak Juan Antonio Pastorrek (PSE-EE) udaletako legearen inguruan egindako galderari erantzun dio. Erkorekaren esanetan, PSE-EEren Gobernuak ez zuen lege hori aurrera atera "gaitasun faltagatik", "beharrezkoak diren adostasunak bilatu ez zituztelako".

Erkorekaren esanetan, EAJren Gobernuak ez du legea "presaka" aurkeztuko, horrelako lege batek gutxienezko adostasuna behar duelako. Ondorioz, legea 11 eta 15 hilabeteren barruan aurkeztuko duela iragarri du.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea