Politika -

Barcenas auzia

Luis Barcenasek PP salatu du bidegabe kaleratu zutela argudiatuta

Diruzain ohiaren hitzetan, alderdiarentzat lan egin zuen 2010eko martxotik 2013ko urtarrilaren 31ra, eta baimenik gabe eman zioten baja. ''Auzitegietan'' ikusiko dutela elkar erantzun dio PPk.

Luis Barcenas Alderdi Popularreko diruzain ohia. Argazkia: EFE
Luis Barcenas Alderdi Popularreko diruzain ohia.
Luis Barcenasek salaketa jarri du PPren kontra, bidegabe kaleratu zutelako

1:14

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Luis Barcenas PPko diruzain ohiak Alderdi Popularra salatu du bidegabeko kaleratzea argudiatuta, El Pais egunkariak iturri judizialak aipatuta kaleratu duenez. Egunkari horren arabera, atzo bertan aurkeztu zuen salaketa.

Orain arteko bertsio ofiziala ezeztatu du Luis Barcenasek salaketa horretan. Bertan irakur daitekeenez, 2010eko martxoa eta 2013ko urtarrila bitartean PPko aholkularia izan zen, eta lan horregatik hilero 21.300 euro jasotzen zituen, aparteko soldatak barne. Salatu duenez, Alderdi Popularrak bere baimenik gabe eman zion Gizarte Segurantzan baja.

Alderdi Popularrak, bestalde, berretsi egin du Barcenasek ez zuela inongo jarduerarik alderdian 2010eko apiriletik, eta diruzain ohiak salaketa jarri baldin badu, ''auzitegietan'' ikusiko dutela elkar esan du PPk.

Alderdiko iturriek Europa Press agentziari esandakoaren arabera,  Barcenasek ez zuen aholkularitza lanik egiten alderdiarentzat. ''Ez zuen ezer egiten alderdiarentzat'', gaineratu dute.

Alderdiko beste iturri batzuen arabera, zuzendaritza nazionala ''lasai'' dago, Barcenasek PPrekin lan harremanik ez zuela egiazta dezaketelako.

Alfonso Alonso PPk Kongresuan duen bozeramaleak, berriz, ez du salaketaren inguruko adierazpenik egin nahi izan: ''Hau guztia zentzugabekeria da, ez daukat ezer baloratzeko'', esan du.

Cospedalen azalpenak

2010eko apirilean PPk Barcenasekin ''lan harreman guztiak eten'' zituela berretsi zuen atzo bertan Maria Dolores de Cospedal PPko idazkari nagusiak.

Cospedalek azaldu zuenez, garai hartan ''zuzenekoa ez zen kalte-ordaina'' adostu zuten, eta kalte-ordain hori dagoeneko ordaindu dute. PPko idazkari nagusiaren hitzetan, garai hartan PPko zerbitzu juridikoek ontzat eman zuten irtenbidea izan zen, baina egun, beharbada, ''beste era batera'' ikusiko zutela aitortu du.

Pasaportea

Luis Barcenas PPko diruzain ohiak pasaportea utzi du astearte honetan Auzitegi Nazionalean, atzo bertan Ruz epaileak ezarritako kautelazko neurriak betetzeko. Espainiatik irteteko debekua ezarri zion atzo epaileak Luis Barcenasi, ihes egiteko arriskua dela-eta.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea