Politika -
Eusko Legebiltzarra
EiTBko Administrazio Kontseiluaren izendapena onartu dute
EAJk sei pertsona proposatu ditu, EH Bilduk lau, PSE-EEk hiru eta PPk bi. Hautagai guztiek 70 boto jaso dituzte, EH Bildukoek izan ezik (60); izan ere, PPk ez ditu babestu.
Erredakzioa
Eusko Legebiltzarrak EiTBko Administrazio Kontseiluko kideen izendapena onartu du. Horietako hamabost alderdi politikoek proposatu dituzte (UPyDk izan ezik) eta lau hainbat gizarte eragilek aurkeztu dituzte.
EAJk sei pertsona proposatu ditu, EH Bilduk lau, PSE-EEk hiru eta PPk bi. Hautagai guztiek 70 boto jaso dituzte, EH Bildukoek izan ezik (60); izan ere, PPk ez ditu babestu. Joan den astelehenean, gainera, Mikel Agirrek, EiTBko Zuzendari Nagusi izateko hautagai izandakoak, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuari eta talde politikoei adierazi zien aipatutako hautagaitzari uko egiten ziola arrazoi pribatuak tarteko.
EAJk hautagai hauek proposatu ditu: Iñigo Iturrate eta Luke Uribe-Etxebarria Apalategi parlamentariak, Elixabete Piñol Olaeta (1995 eta 2009 bitartean parlamentaria eta aurreko agintaldian Administrazio Kontseiluko kidea), Xabier Barandiaran Irastorza soziologoa, Manuel Allende Arias Gasteizko zinegotzi ohia eta Juan Jose Baños Loinaz Deiako zuzendari ohia.
EH Bilduk, hauek: Tontxu Campos Hezkuntza sailburu ohia (EA), Karmelo Landa ezker abertzalearen buruzagi historikoa eta Beatriz Narbaiza Amillategi eta Txema Ramirez de la Piscina Martinez EHUko irakasleak.
PSE-EEk Mikel Unzalu parlamentari arabarra eta Carlos Gorostiza eta Alma Fernandez kazetariak proposatu ditu. Azken biek, gainera, errepikatu egingo dute Kontseiluan.
Alderdi Popularrak Nerea Llanos PPren Bizkaiko idazkari nagusia eta Gorka Angulo kazetaria proposatu ditu.
UPyDk ez du proposamenik egin; izan ere, kudeaketa profesionalek egin behar dutela uste du.
Aipatutakoez gain, Edorta Arana (LAB), Adolfo Arejita Oñarte-Etxebarria (Euskaltzaindia), Iñaki Garcia Arrizabalaga (Euskadiko Kontsumitzaileen Elkartea) eta Rosa Miren Pagola (Eusko Ikaskuntza) ere Administrazio Kontseiluan izango dira.