Politika -
Kontrolerako saioa
Jaurlaritzak 'finkatutako proiektuetan' inbertitzeari utziko dio
Erakunde publikoen berrantolaketak 79 erakunde publikori eta jaurlaritzaren partehartze zuzena duten beste 132 erakunderi eragingo diela esan du.
Erredakzioa
Euskal erakundeen sare publikoa berrantolatzeko eta gastu publikoan aurrezteko beharrarekin duen konpromisoa berretsi du Iñigo Urkullu lehendakariak, "finkatutako proiektuetan" dirua "inbertitzeari" utziko diotela iragarrita.
Jaurlaritzaren kontrolerako saioan, Josu Erkoreka bozeramaileak urtarrilaren 8an aurreratutako datueak gogora ekarri ditu eta erakunde publikoen berrantolaketak 79 erakunde publikori eta jaurlaritzaren partehartze zuzena duten beste 132 erakunderi eragingo diela esan du.
Halaber, berrantolaketa hori aldundiekin eta udalekin "adostuta" egiteko asmoa agertu du.
Defizitaren muga ez da gaindituko
Iñigo Urkullu lehendakariak ziurtatu egin du Euskadik ez duela aurten ere % 1,5eko defizitaren muga gaindituko eta Jaurlaritzak egingo dituen murrizketak "aurrekontuak errealitatea kontuan hartuta egitearen ondorioa" direla gaineratu du.
PPko liderrak, gainera, "koherentzia eta ardura" falta leporatu dizkio Urkulluri, EAJk Mariano Rajoyren murrizketak kritikatzen dituelako EAEn beste murrizketa batzuk agintzen dituen aldi berean.
Aurrekontuak luzatzea "desitxuratzea" litzateke
Ricardo Gatzagaetxebarria Ogasun eta Finantza sailburak 2013 Aurrekontuak onartzekolan egingo dutela adierazi du, "herri batek bere aurrekontuak izatea garrantzitsua dela deritzogulako", eta luzapen batekin lan egiteak "kudeaketa guztiz desitxuraldatuko lukeelako".
"Desitxuratze horren aurrean urteko aurrekontuak onartzearen alde gaude", esan du kontrolerako saioan.
Gatzagaetxebarriak azpimarratu egin du Jaurlaritzak "elkarrizketarako jarrera irekia" duela aurrekontuak egin eta Legebiltzarreko alderdiekin adosteko. Bere aurreikuspenen arabera, 2013ko aurrekontuek "hobera egingo dute urtea aurrera egin ahala".
Presoei "itxaropen faltsurik, ez"
Josu Erkoreka Justizia eta Administrazio Publikoen sailburuak ETAko presoei "egia esateko" eta amnistia eta aringarri kolektiboen inguruko "itxaropen faltsurik" ez emateko eskatu dio ezker abertzaleari, amnistia eta aringarri kolektiboak legearen kontra doazelako.
Erkorekak Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkideak ETAko presoen "aberriratzeaz" egindako galderai erantzun dio.
Sailburuaren arabera, Jaurlaritzak kartzela-politikaren eskumena lortzeko lanean jarraituko du, eta "Madrilekin duen harremana" kartzela-politika "malguagoa" eta "irekiagoa" egiteko erabiltzen ari direla gaineratu du.
Hauteskunde Legea ez dute aldatuko
Bestalde, eta Hauteskunde Legeari dagokionez, lehendakariak esan du ez dutela erreformarik egingo lurralde historikoek ordezkaritza proportzionala izateko. Hala ere, eredua aztertzeko prest agertu da, baina "ondo dagoela" azpimarratuta.
Hauteskunde Legearen inguruko galdera Gorka Maneiro legebiltzarkideak egin dio. UPyDko ordezkariaK Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiak egindako adierazpenez galdetu dio, izan ere, Bizkaiko ahaldunaren arabera, Legebiltzarrak eskumen fiskalak izango balitu, lurraldeen arteko berdintasuna aldatzeko beharra egongo litzateke.
Nafarroarekin harremanak "bideratzea"
Bestalde, eta Nafarroarekin dauden harremanen harian, ETAk ekintza armatuen behin betiko etena iragarri zuenetik sortutako "garai politiko berria" harreman hori sendotzeko erabiliko duela adierazi du Urkulluk, baina beti "erakundeen arteko errespetua gordeta".
Lehendakariak esan duenez, ezinbestekoa da harreman horiek "bideratzea", esparru guztietan, baina horretarako "beste aldearen borondatea ezinbestekoa dela" azaldu du.
Hala ere, "aurrera egiteko pauso positiboak" antzeman dituela onartu du.