Politika -
Nazioarteko adituak
Demokrazia globalaren aldeko manifestua aurkeztu dute Donostian
Sinatzaileak XXI. mendeko erronkak gainditzeko gai diren eskualde eta nazioarteko erakunde berrien garapena eskatzen dute.
Erredakzioa
Munduko osoko intelektualek demokrazia globalaren aldeko manifestua aurkeztu dute gaur goizean Donostiako San Telmo museoan. Sinatzaileek demokrazia globala eraikitzeko deia egin die alderdi politikoei eta herritarrei.
Noam Chomsky, Ulrich Beck, Susan George, Saskia Sassen, Richard Sennet, Juan Jose Campanella, Fernando Savater eta Jorge Lanata intelektualek sinatu dute "Demokrazia globalaren aldeko manifestua", besteak beste.
San Telmo museoan egindako ekitaldian izan dira, besteak beste, Fernando Adolfo Iglesias manifestuaren koordinatzailea, Daniel Innerarity filosofoa, Emilio Lamo de Espinosa Elkano Institutuko zuzendaria, Gurtzu Jauregi Zuzenbidean katedraduna, Fernando Iglesias politikari argentinarra eta Nerea Magallon Zuzenbideko irakaslea.
Londresen, Erroman eta gaur Donostian aurkeztu eta gero, New York, Brusela, New Delhi, Tokio eta Toronto hirietan azalduko dituzte manifestuaren nondik norakoak. XXI. mendeko erronkak gainditzeko beste mundu bat eskatzen dute sinatzaileek: bidezkoa, bakezalea, demokratikoa eta gizatiarra.
Manifestuan irakur daitekeenez, "politikarekin atzera egiten dugu: aldaketa teknologiko eta ekonomikoen garaian bizi gara, aldaketak etengabekoak dira, baina erakunde publikoek ez dute eboluzionatu".
"Ekonomia globalizatu egin da, baina erakundeak eta demokrazia ez. Krisiak globalak badira, konponbideak ere bai", gaineratu dute. Horien ustez, "demokrazia globalizatzea da globalizazioa demokratizatzeko modu bakarra".