Politika -
Kargutik kendu nahi du
Kataluniako fiskal nagusiari espedientea zabaldu dio Torres-Dulcek
Martin Rodriguez-Sol ordezkatzeko prozedura martxan jarri du Estatuko fiskal nagusiak. Kataluniako kontsulta legitimoa zela esan zuen Rodriguez-Solek.
Erredakzioa
Eduardo Torres-Dulce Estatuko fiskal nagusiak Martin Rodriguez-Sol Kataluniako fiskal nagusia kargutik kentzeko espedientea zabaldu du gaur. Kataluniako herritarrei euren etorkizun politikoaren inguruan galdetzea legitimoa dela esan zuen Rodriguez-Solek elkarrizketa batean, eta horrek hautsak harrotu ditu.
Kataluniako fiskal nagusia ordezkatzeko prozedura martxan jarri du Torres-Dulcek. Rodriguez-Sol iragan uztailean izendatu zuten. Torres-Dulcek dekretua sinatu du gaur, eta orain Batzorde Fiskala bildu egin behar da espedientea aztertzeko.
Kataluniako fiskal nagusia aldatzeko espedientea eta prozedura martxan jarri dela azaldu du Estatuko Fiskaltza Nagusiak agiri batean. Ministerio Fiskalaren Estatutu Organikoaren 41.5 artikulua erabili du Fiskaltzak erabakia hartzeko.
"Kataluniako fiskal nagusiak egindako adierazpenak" prozedura martxan jartzeko arrazoia izan da, agiriaren arabera.
Elkarrizketak sortu duen polemikaren ostean, Kataluniako fiskal nagusiak atzera egin du gaur. "Independentzia prozesuari babes zuzenik, ezta zeharkakorik ere" eman ez diola adierazi du Rodriguez-Solek ohar batean. "Indarrean dagoen markoan independentziaren inguruko erreferendumik posible ez" dela erantsi du Kataluniako fiskal nagusiak.