Politika -

Erreforma lokalaren kontra

Amaiurrek tokiko erreformaren kontrako akordioa lortu nahi du

Gobernuak Toki Administrazioa erreformatzeko duen proiektuari aurre egiteko, euskal alderdiek bat egitea proposatu du.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Gobernuak Toki Administrazioa erreformatzeko duen proiektuari aurre egiteko, Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako alderdi politikoek ituna adostea proposatu du Amaiurrek; izan ere, Amaiurren ustez, proiektu horrek "tokiko autonomia ezabatu nahi du".

EAJri, PSE-EEri, Geroa Bairi eta UPNri zuzendutako proposamena, Bilbon egindako prentsaurreko batean aurkeztu dute Mikel Errekondok eta Onintza Enbeitak. Amaiurrek Diputatuen Kongresuan dituen diputatu horiek jakinarazi dutenez, datozen orduetan alderdi horiekin harremanetan jarriko dira ekimen hori aurkezteko.

"Amaiurren ustez, ezinbestekoa da erreforma horren kontra dauden euskal alderdiek edo batera edo bestera horren aurka agertu direnek elkarrekin bat egitea, iritziak elkarri azaltzea eta jarrerak hurbiltzea adostasunak lortu ahal izateko", adierazi dute.

Toki Administrazioa erreformatzeko proiektuari osoko zuzenketa bat eta zuzenketa partzial batzuk aurkezteko asmoa du Amaiurrek, ordezkari horien esanetan, araudi aldaketa hori Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako "lau foru lurraldeetan ez aplikatzea" eskatzeko.

Amaiurreko ordezkarien ustetan, Gobernuak erreforma horren bidez udalen gastuak kontrolatu nahi dituela esan badu ere, "hori ke laino bat besterik ez da, horren atzean udaletxeetan eta tokiko erakundeetan de facto esku hartzeko nahia baitago, horien funtzionamendua kontrolatu eta zuzendu ahal izateko".

Onintza Enbeitaren esanetan, "torlojua koska bat gehiago estutzea da frankismoaren amaieran eta trantsizioa delakoaren hastapenetan udaletxeetan zegoen egoerara atzera egiteko". "Estatuaren zentralizazioa berreskuratzeko beste pauso bat da", horien iritzian. "Horrela Madriletik erabakiko dute zein zerbitzu eman ahal diren, zer gastu egin daitezkeen eta zer proiektu bidera daitezkeen", salatu dute.

Erreforma honekin, Administrazio Zentralak izendatuko dituen kontu-hartzaileak eta idazkariak udal gestore bihurtuko dira, eta ordainketak, proiektuak eta pentsioak geldiarazteko ahalmena izango dute, Amaiurreko ordezkariek ohartarazi dutenez.

"Teknokrazia ezartzen ari zaizkigu, demokraziaren kalterako", nabarmendu du Mikel Errekondok.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea