Politika -
Zerga amnistia
Rajoy legean babestu da amnistiako onuradunen berri ez emateko
Hala ere, Haziendari iruzurra egin diotenen berri emateko araudia aldatzea aztertzen ari direla errepikatu du Gobernuko presidenteak, baina "kontuzko" gaia dela erantsi du.
Erredakzioa
Mariano Rajoy Gobernuko presidentea zerga araudian babestu da gaur amnistia fiskaleko pertsona onuradunen zerrenda ez argitaratzeko, baina Haziendari iruzurra egin diotenen berri emateko araudia aldatzea aztertzen ari direla errepikatu du. Hala ere, "kontuzko" gaia dela gaineratu du Rajoyk.
Jesus Enrique IUko senatariak galdera Exekutiboko buruzagiari egin dio Senatuko osoko bilkuran, eta Rajoyk erantzun dio. Gobernuak amnistiako pertsona fisiko edo juridiko onuradunen zerrenda argitaratzeko borondatea ote duen galdetu dio Enriquek.
Exekutiboko buruzagiaren hitzetan, Gobernuko presidente gisa kontu handia izan behar du legeak errespetatzeko orduan, eta Haziendako datuak ezkutukoak direla bermatu du.
"Kontuzko gai bat da eta sakonean aztertzen ari gara", azaldu du.
Defizit publikoa
Bestalde, Gobernuak defizit publikoaren arloan "etxeko lanak egin" dituela defendatu du Rajoyk; izan ere, 2012an BPGren % 6,74ra murriztu da, eta nazioarteko kalifikazio agentzia nagusiek onartu dutela gogorarazi du.
Finantza sektorea onbideratzeko diru-laguntzek defizita 3,25 puntu areagotu dutela onartu du presidenteak, baina defizita zuzentzeko prozeduran kopuru hori gehitu beharrik ez dagoela gogorarazi du.
Europako Batzordeak BPGren % 7ko defizita (% 10,2 bankuei emandako laguntzekin) aurrikusi zuen, baina Gobernuak aurkeztutako datua "ez da iragarpen bat", Rajoyren ahotan.