Politika -

Dietak

CANeko dieta 'izugarriak' itzultzea proposatu du Kontuz elkarteak

Miguel Sanz Nafarroako Gobernuko eta CANeko presidente ohiak Parlamentuan Nafarroako Kutxaren kudeaketaren gaineko azalpenak emateko baimena eskatu du.

Alberto Catalan Nafarroako Parlamentuko presidentea. Argazkia: Efe
Alberto Catalan Nafarroako Parlamentuko presidentea.
Sanzek eta Barcinak 6.000 euro kobratzen zituzten ordubeteko bileragatik

1:10

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Caja Navarrako Sortzaileen Batzorde Iraunkorreko kideek jasotako dieta "izugarriak" itzultzea proposatu du gaur Kontuz elkarteak prentsaurrekoan. Bilera minutu bakoitzeko 57 eta 89 euro kobratu zituzten.

Patxi Zamora elkarteko bozeramaileak azaldu duenez, Sortzaileen Batzordea "Kutxako barne araudian euskarri legala izan baino ia urtebete lehenago martxan" zegoela demostratzen dute agiriek. Horrela, 2010eko abuztutik 2011ko ekainera arte "dieta izugarriak" hamar aldiz banatu ziren.

Miguel Sanz Nafarroako presidente ohia, Yolanda Barcina Iruñeko alkate ohia eta Nafarroako presidentea, Alvaro Miranda Ekonomia kontseilari ohia eta Enrique Maya Iruñeko alkatea Batzorde Iraunkorreko kideak izan dira.

Batzorde Iraunkorreko bilerak "kargudun publikoak ahalik eta diru gehien jasotzeko egituratu zituzten, nahita", salatu du Zamorak. Horrela, lanegun bakoitza "bi saiotan banatu zuten, nahiz eta bilera bakarrean egin, akta bikoitzak jazotzeko eta dieta bikoitzak kobratzeko".

Catalan

Alberto Catalan Nafarroako Parlamentuko presidenteak adierazi du "une honetan inola ere ez" direla ulertzen Nafarroako Kutxaren Batzorde Sortzaileetako kideek kobratzen zituzten dietak, baina "gai horiek bere garaian" ulertu behar direla azpimarratu du.

Diario de Noticias egunkariak gaur zabaldu duenez, Nafarroako CAN kutxan ordu erdiko tarteak utzita bi bilera ere egin izan zituen Sortzaileen Batzordeak dieta bikoitzak kobratzeko. Batzorde horretan Yolanda Barcina Nafarroako presidentea, Miguel Sanz presidente ohia eta Enrique Maya kontseilari ohia zeuden. Presidente ohiak ordubetean 5.000 eurotik gora irabazi omen zituen, eta Barcinak eta Mayak, 3.400 euro.

Aipatu iturrien arabera, zortzi egunetan 16 bilera egin zituzten 2010eko abuztutik 2011ko irailera bitartean. Ordu erdiko edo ordubeteko bilera bakoitzarengatik Sanzek presidente gisa jasotzen 1.876 euro kobratzen omen zituen, eta Barcinak eta Mayak 1.200.

Ordainketa horien agiriak dagoeneko Mari Paz Benito Iruñeko epailearen eskuetan daude hark eskatuta. Gainera, epaileak atzera bota du Enrique Goñi CANeko zuzendari ohiak eskatutakoa: ikerketa osoa Auzitegi Nazionalera eramatea.

Parlamentuan azalpenak emateko baimena eskatu du Miguel Sanzek

Miguel Sanz Nafarroako Gobernuko eta CANeko presidente ohiak Parlamentuan Nafarroako Kutxaren kudeaketaren gaineko azalpenak emateko baimena eskatu du. Ez omen du ezer ezkutatzeko, eta helburua Nafarroako Kutxan gertaturiko guztia zehaztasunez azaltzea dela nabarmendu du.

"Gezur asko argitaratu dituzte, eta informazioa manipulatu ere egin dute errealitatearekin zerikusirik ez duen irudi bat saltzeko", gaineratu du.

Dieten harira, ukatu egin du irregulartasunik egon denik. "Nafarroako Kutxaren bileretara joateagatik ez da dirurik kobratzen, lana egiteagatik eta ardurak nor bere gain hartzeagatik baizik", nabarmendu du.

Miguel Sanzek aurreratu duenez, Nafarroako Parlamentuan CAN kudeaketari buruzko datuak kontatuko ditu, batez ere izaera politikoko gaiak aintzat hartuta.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea