Politika -
Urkullu-Maroto bilera
Gasteizek kanona jasoko du legegintzaldi osoan, hiriburu izateagatik
Akordio honek PPk Jaurlaritzaren Aurrekontuak babestea ahalbidetuko duen galdetuta, erabakia alderdiaren zuzendaritzari dagokiola ekarri du gogora Marotok.
Erredakzioa
Gasteizek bost milioi euro jasoko ditu urtero legegintzaldi guztian "erakundeen egoitzen kanon" gisa. Arabako hiriburuko alkatearen hitzetan "hiriburu izateagatik kanona" izango da.
Javier Maroto (PP) Iñigo Urkullu lehendakariarekin bildu da gaur, eta akordio honek Gasteiz "egoera berri batean" jartzen duela azaldu du. Aldi berean, Jaurlaritzak "Gasteizekiko duen inflexio-puntua" dela esan du.
Marotoren iritziz, legegintzaldia amaitzean "ez da Gasteizek kanon hau jasotzearen inguruan eztabaidarik izango" eta bost urtez jarraian jaso ostean, 2017ko Aurrekontuetan "zuzenean" sartuko dela uste du.
Akordio honek PPk Jaurlaritzaren Aurrekontuak babestea ahalbidetuko duen galdetuta, erabakia alderdiaren zuzendaritzari dagokiola ekarri du gogora Marotok, 2013ko kontuek Gasteizekin zerikusirik ez duten kontzeptu asko dituztela argudiatuta.
Hala ere, "ezberdinen artean akordioak bilatzearen" alde egin du, "euskal politikan ulertzera eta akordioetara iritsi behar dugulako".
Halaber, Gasteizen tranbiaren bidea handitzeaz hitz egin dute bileran, nahiz eta lanak egoera ekonomikoa hobetu arte egingo ez direla azaldu duen alkateak.
Gasteizen egingo diren beste inbertsio batzuk ere izan dituzte hizpide, besteak beste, Europa jauregiaren erreforma, Salburuako herritarren zentroa, autobus geltokia eta Gasteiz etorbideko erreforma.
Marotoren ustez, Jaurlaritzaren inbertsiorako konpromisoa berretsi du lehendakariak proiektu horiekin guztiekin. Azkenik, ordainketak atzeratuko diren arren, lanak egiteko egutegia atzeratuko ez dela esan du alkateak.