Politika -

Eusko Legebiltzarra

Bakerako lantaldearen eraketa atzeratu dute, alderdien eztabaidengatik

Ostegun honetarako zegoen aurreikusita Bakerako eta Elkarbizitzarako lantaldearen sorrera, baina bertan behera utzi dute, berau osatzeko ''baldintzak betetzen ez direlako''.

Eusko Legebiltzarreko saioa. EFE
Eusko Legebiltzarra
Bideoa: Laura Mintegik Legebiltzarrean egin zituen adierazpenak

1:08

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bakerako eta Elkarbizitzarako lantaldearen sorrera atzeratzea erabaki du Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidenteak, ostegun honetan osoko bilkuran bizi izan den ''giroa'' dela-eta berau osatzeko ''baldintzak betetzen ez direlako''.

Berez, ostegun honetarako zegoen aurreikusita lantaldearen sorrera, baina Euskadik bizi izan duen indarkeria dela-eta PPren eta EH Bilduren artean piztu diren eztabaiden ondorioz, atzeratzea erabaki du Tejeriak.

PPk kexa formala jarri du Legebiltzarrean, EH Bilduko legebiltzarkide batek ''preso politiko'' hitzak erabili duelako ETAko presoei buruz hitz egiteko, eta zigorrak ere eskatu ditu Alderdi Popularrak.

Halaber, Fernando Buesaren omenaldian ''lasai asko'' egon izana leporatu dio Arantza Quiroga PPko legebiltzarkideak Laura Mintegiri, eta EH Bilduko ordezkariak kritika horri erantzun dio.

"Egon badago zirkinik egin gabe uzten ez nauen gauzarik. Ezin da esan lasai asko egon nintzela biktima baten omenaldian, biktima guztiek arrazoi politiko batengatik hil direlako, ez istripu batean, bihotzeko batek jota, minbiziak jota edo zorigaizto baten ondorioz'', esan du Laura Mintegik.

Hilketa horiek guztiak ''ekidin'' daitezkeela gaineratu du EH Bilduko ordezkariak, ''jatorri politikoa dutelako, eta gizartearen, pertsonen eta politikoen esku dagoelako''. ''Ez dut lasai asko egotea onartuko arrazoi politiko batengatik hil den pertsona bat omentzeko ekitaldi batean, hildakoa edozein izanda ere'', gaineratu du.

Mintegiren hitzek protestak eragin dituzte Legebiltzarrean, eta Bakartxo Tejeriak ere esku hartu behar izan du.

Egoera horren aurrean, eta ''osoko bilkuran bizi izan den giroa ikusita'', Bakerako eta Elkarbizitzarako lantaldearen sorrera atzeratzeko erabakia hartu duela azalduz oharra kaleratu du Legebiltzarrak. Halaber, talde guztiei elkar errespetatzeko ahaleginak egiteko deia egin die Legebiltzarrak.

Testu horretan azaldu duenez, lantaldea ''ahalik era arinen eratzea'' da asmoa, gizarteak ETAren indarkeriaren bukaera sendotzea eskatzen duelako eta legegiltzarkideek eskera horri erantzuna emateko ''betebeharra'' dutelako.

Erreakzioak

Mintegirenak ''zoritxarreko adierazpenak'' izan direla esan du Joseba Egibar EAJk Legebiltzarrean duen bozeramaileak, baina, haren hitzetan, lantaldearen sorrera ''mediatikoki estaltzeko helburuarekin'' heldu da PP Legebiltzarrera. Lantaldearen sorrera atzerako erabakiarekin ados agertu da Egibar.

Jose Antonio Pastor PSE-EEko bozeramaileak ere babestu egin du atzeratzeko erabakia, eta ''lehengo Batasunaren benetako usteen inguruan zalantza'' agertu du.

Kazetariei egindako adierazpenetan, bestalde, Arantza Quirogak esan du gaurkoan ''EH Bilduren benetako aurpegia'' geratu dela agerian, eta koalizioari demokraziaren legeak ez errespetatzea leporatu dio.

Laura Mintegik ere adierazpenak egin ditu kazetarien aurrean, eta ETAko biktimek ''jatorri politikoa'' dutela esatea ''egiaztapena'' dela esan du, eta ez gertatutakoaren ''justifikazioa''. Mintegiren hitzetan ''zergatiari'' egin behar zaio aurre.

Gorka Maneiro UPyD alderdiak Legebiltzarrean duen ordezkariaren hitzetan, gaurko polemikak agerian utzi du, ''beste behin'', EH Bilduko ordezkariak ''ETAren ordezkari politikoak'' direla.

''Polemika antzurik'' ez sortzea eskatu du Tejeriak

Ondoren, ohar baten bidez, legegiltzaldi hau ''akordioak lortzeko une egokia'' izan beharko lukeela esan du Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidenteak.

Halaber, ''irtenbideak lortzen saiatu beharrean'', akordiorik ez lortzeko ''aitzakiak'' bilatzen dituztenen jarrera salatu du, eta, hala, alderdi politikoei ''herritarren eskaerei irtenbideak bilatzen'' lan egin dezaten eta ''polemika antzurik'' sortu ez dezaten eskatu die.

Halaber, ''harridura'' agertu du Tejeriak, PPk orain ''preso politiko'' hitzak zigortzeko modukoak izatea eskatu duelako, joan den legegintzaldian hitz horiek beraiek erabiltzean zigorrik ezarri ez zutenean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea