Politika -
Alderdi berria
Eusko Ekintza legezko alderdi politikoa da jada
Herri batasuna "Estatuekin eta ohiko alderdien ereduarekin norgehiagoka izateko tresna" dela uste dute.
Erredakzioa
Eusko Ekintza legezko alderdi politikoa da jada; ezker abertzaleko sentsibilitate ezberdinen bilgunea. "Alderdi politikoen estruktura zorrotzari aurre egiteko herri batasuna" sustatzeko alderdia dela esan dute.
Ohar batean esan dutenez, "martxan daude jada". Abenduaren 22an aurkezpena egin zuten Altsasun eta "alderdiko aniztasuna onartzen eta zaintzen" dutela esan zuten.
Ildo horretan, "proiektuaren parte diren sentsibilitate ezberdinen ekarpenak erraztuko" dituztela iragarri dute. "Ezker abertzalea beti izan da anitza eta horretan datza bere indar iraultzaileak", azpimarratu dute.
Euren iritziz, "hurbileko arazoei irtenbidea emateko azkartasuna duten erakundeak behar dira, eta aldi berean, egituren arazoei irmotasunez erantzuteko".
"Gaurtik, beste eragile sozioekonomikoekin eta alderdiekin harremanetan" jarriko direla iragarri dute, "mahaigainean, herri batasunaren inguruko indarren metaketa jartzeko asmoz". Izan ere, euren ustez, "herri batasuna da Estatuekin eta ohiko alderdien ereduarekin norgehiagoka izateko tresna".