Politika -
UPNren IX. Kongresua
Yolanda Barcina: 'Ez naiz garaile sentitzen'
Gainerako alderdiekin akordioen alde lan egiteko prest azaldu da UPNren presidentea, sozialistekin "bereziki".
Erredakzioa
Yolanda Barcina UPNren presidenteak alderdiaren IX. Kongresuaren itxiera-ekitaldian adierazi duenez, "ez naiz garaile sentitzen". Halaber, alderdia zuzentzeko Alberto Catalan beste hautagaiaren parte-hartzea nahi duela iragarri du.
Barcinaren esanetan, galtzaile bakarrak euskal nazionalistak dira. Gauzak horrela, Nafarroako Gobernuari egonkortasun parlamentarioa emateko deia egin dio PSN-PSOEri.
Une latzak
"Laguntzeko prest" azaldu ostean, bihartik hasita, akordioa lotzeko lanean hasiko dela iragarri du, "sozialistekin batez ere, baina baita Konstituzioan eta Hobekuntzan sinesten duten alderdiekin ere".
Itxiera-ekitaldian egindako hitzaldian azken egunak konplikatuak izan direla aitortu du Barcinak (CANeko dieten ika-mika, UPNren presidentetzarako bi haugaitzak...). Hala ere, ez du auzi horien gainean aipamenik egin. "Hala ere, dardara latza hura bidean utziko dugu, garai berria hasteko, ez baitugu minutu bat ere horretan galdu nahi", esan du, "guztiok gara UPN".
"Gu ahulduta ikustea nahi zutenak dira galtzaile bakarrak", azpimarratu du Barcinak, "Kongresu honetatik indarberrituta atera gara, eta horrela, aurrera egingo dugu, zalantza handiko uneak diren arren, Nafarroa hobeto ari delako aurre egiten".
Alberto Catalan
Bestalde, Alberto Catalan UPNren presidentetzarako beste hautagaia "oso lasaia" azaldu da Barcinaren garaipenaren ostean. "Egitekoa bete dudala uste dut", azpimarratu du. Halaber, "kontzientzia oso lasaia" duela nabarmendu du. "Bozketa lehia handikoa izan da, ia % 50k nire alde bozkatu du, eta horrek alderdiaren babesa dudala erakutsi dit", esan du.
"Ez naiz galtzaile sentitzen", ondorioztatu du. Azkenik, botoen zenbaketarekin "arazo bat" izan dela esan du. "Hemendik aurrera gertatuko den aintzat hartu beharko dugu", aurreratu du.