Politika -

Katalunia

Oriol Pujol auzipetu dute 'ITV kasuan' parte hartzea leporatuta

Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak CDCko idazkari nagusia eta Kataluniako Parlamentuan CiUren diputatu dena auzipetu du ITV kasuan influentziez baliatzea egotzita.

Oriol Pujol, prentsaurreko batean. EiTB
Oriol Pujol, prentsaurreko batean. EiTB
Oriol Pujol, prentsaurreko batean. EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak Oriol Pujol CDCko idazkari nagusia eta Kataluniako Parlamentuan CiUko diputatu dena auzipetu du ustez 'ITV kasuan' parte hartzeagatik. Auzi horretan, hain zuzen, Katalunian ITV zentroen esleipen irregularra ikertzen ari dira.

Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiaren ustez, Oriol Pujolek CDCn eta talde parlamentarioan zuen ''pisu politikoa'' erabili zuela ''beretzat edota bere lagunentzat onura ekonomikoa lortzeko''.

Ustelkeria eta Delitugintza Antolatuari aurre egiteko Fiskaltza Bereziak Pujol auzipetzeko eskaera egin zuen 'ITV auzian' eragimen-trafikoa egin zuela erakusten duten nahikoa zantzu daudela argudiatuta. Auzi horretan, Isidre Masalles Industria Segurtasuneko zuzendariordea eta Joseph Tous, Sergio Pastor, Sergio Alsina eta Ricard Puignou enpresaburuak daude auzipetuta.

Sumarioak jasotzen duen Zerga Agentziaren txosten batean Oriol Pujol ustez ITV geltokien esleipen irregularrean parte hartu nahi izan zutenen "beharrezko kolaboratzaile" jotzen da, hau da, Pujol auzipetuta dauden enpresaburuei "politikoki laguntzeaz arduratzen zen gizona" zela zehazten da bertan.

Pujolek karguak utzi ditu

Oriol Pujolek, Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak auzipetu egin duela jakin eta gero, bere karguak utzi dituela adierazi du prentsaurreko batean. Hau da, CDCko idazkari nagusi kargua eta Kataluniako Parlamentuan CiUko bozeramaile izateari utziko diola adierazi du, baina diputatu akta mantendu egingo du.

Erabakia subiranotasun prozesua ez oztopatzeko hartu izana ''zeharo urrun'' dago senyerarekin babesteko asmoa izateaz, Oriol Puyolek berak esan duenez. Subiranotasun prozesuaren kontra ''gerra zikina''' ikusten du, baina ITVen auzitik bereizi du.

Lluis Corominas CDCko Koordinazio Instituzionaleko idazkariordeak, Joseph Rull alderdiko Antolakuntza idazkariak eta Jordi Turull Parlamentuan CiUren bozeramaile denak babestuta agertu da Pujol prentsaurrekoan.

Parlamentuko eserlekua ere uzteko eskatu diote

ERCk eta PPk Kataluniako Parlamentuko eserlekua ere uztea eskatu diote Oriol Pujoli.

Kataluniako Gobernuak uste du erabakia ''bidegabea'' izan daitekeela

Francesc Homs Kataluniako Gobernuko bozeramaileak errespetua eta miresmena agertu du Oriol Puyolek hartutako erabakiaren aurrean, baina  erabakia ''bidegabea'' izan daitekeela uste du, ''kontrakoa frogatu arte, errugabea delako''.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea