Politika -
Bilera Lehendakaritzan
Aurrekonturik gabe bada ere gobernatzeko eskatu dio Azkunak Urkulluri
Sindikatuak eta alderdi politikoak "itsu baldin badaude, eta lehendakariari sorbalda ematen badiote", Urkulluk "duenarekin" gobernatu beharko duela adierazi du Bilboko alkateak.
Erredakzioa
Aurrekonturik gabe bada ere, gobernatzeko eskatu dio gaur Iñaki Azkuna Bilboko alkateak Iñigo Urkullu lehendakariari. Bestalde, aurrekontuen eztabaidan oposizioko alderdiek azaldutako "erantzukizun eskasa" salatu du Azkunak.
Azkunak agerraldia egin du lehendakariarekin arratsaldean, Lehendakaritzan, bildu ostean. Lehendakaria egoera politikoa eta ekonomikoa aztertzeko bilera sorta egiten ari da.
Bilboko alkateak bilera "oso atsegina" izan dela esan du. Bilboko Udalean alkate gisa aurreneko lau urteetan hartu zuen eskarmentua azaldu dio Azkunak lehendakariari; izan ere, agintaldia aurrekonturik gabe bete zuen. Aurrekontu barik gobernatzea posible da, baina "makina bat egur" jaso zuen, alkatearen ahotan.
Lehendakariak Bilboko alkatea hartu du Lehendakaritzan. Argazkia: EFE
"Herri honek agintea behar du, aurrekontuarekin askoz hobe, aurrekonturik gabe okerrago, baina gobernatu behar da, nire iritzia da", esan du. Sindikatuak eta alderdi politikoak "itsu baldin badaude, eta lehendakariari sorbalda ematen badiote", Urkulluk "duenarekin" gobernatu beharko duela adierazi du Bilboko alkateak.
Azkunaren hitzetan, oposizioak aurrekonturik gabe lau urte izan zuen Alkatetzan, eta egun guztietan "direnak eta ez direnak" eskatu zizkion, baina gaur gehiengo absolutua du.
Arte Ederren Museoa eta metroa
Azkunak azaldu duenez, Bilboko metroaren hirugarren lineako lanak geldituko ez direla baieztatu du Urkulluk, nahiz eta "beharbada aldaketa tekniko batzuk egin".
Aurreko Eusko Jaurlaritzak Arte Ederren Museoari zor dizkion 200.000 euroak ordaintzeko eskatu dio alkateak lehendakariari.