Politika -
Eusko Legebiltzarra
Polemika Legebiltzarrean, bozketa batean ustez araudia urratu zutelako
PSE-EEk eta EH Bilduk iruzurraren kontrako planaren bozketa errepikatzea eskatu dute, EH Bilduko legebiltzarkide bat kanpoan geratu zelako eta bi legebiltzarkide jeltzale atzeko atetik sartu zirelako.
Erredakzioa
PSE-EEk eta EH Bilduk iruzur fiskalaren kontrako egitasmo baten inguruan atzo Legebiltzarrean egin zen bozketa errepikatzea eskatu dute, irregulartasunak izan zirela iritzita.
Atzoko osoko-bilkuran, Legebiltzarrak zuzenketa transakzional bat onartu zuen boto bakar bati esker, EAJren eta PPren babesarekin.
PSE-EEk eta UPyDk sinatutako beste zuzenketa batek, berriz, ez zuen Legebiltzarraren onespena jaso, EH Bilduk ere babestu zuen arren. Berez, bi ekimenek boto kopuru bera jaso behar zuten, baina bigarren ekimen hau bozkatzeko garaian Belen Arrondo EH Bilduren legebiltzarkidea kanpoan geratu zen, ateak itxita zeudelako.
Horren aurrean, Txarli Prieto legebiltzarkide sozialistak salatu zuen bi legebiltzarkide jeltzale atzeko atetik sartu zirela Arrondo kanpoan utzi zuten unean.
Buruzagi sozialistak bozketa errepikatzea eskatu zuen, baina Barkartxo Tejeria Legebiltzarreko presidenteak ukatu egin zuen, berak ez zuela aterik itxi argudiatuta.
Azkenean, aurrera atera zen testua EAJren eta PPren gustukoa da, eta berretsi egin zen zerga eta iruzur fiskal alorrean aldundiena dela eskumena. Gainerako alderdiek, berriz, EAE osorako iruzurraren kontrako plan bateratua aldarrikatzen zuten.
Saioa amaituta, sozialistek kexa eta babes eskari bat sartu zuten, bigarren bozketa errepika dadila eskatzeko.
Gainera, Legebiltzarreko ateak itxita zeudenean atzeko atetik sartu ziren legebiltzarkide jeltzaleen inguruan ikerketa abiatzeko eta txosten bat egiteko eskatu dute, ekintza horrek zigorra merezi ote duen argitzeko.