Politika -
Elkarrizketa, Euskadi Irratian
Patxi Baztarrika: 'Helduen euskalduntzean ez da murrizketarik izango'
Hizkuntza Politikarako sailburuordetzan % 9,4ko murrizketa izango da, eta bi lehentasun markatu dituzte: helduak euskalduntzea bultzatzea eta euskarazko hedabideak laguntzea.
Erredakzioa
Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak adierazi duenez, Hizkuntza Politikarako sailburuordetzako aurrekontuetan % 9,4ko murrizketa izango bada ere, ez da murrizketarik izango helduak euskalduntzea bultzatzeko diru-laguntzetan eta euskarazko hedabideek jasoko duten partidetan.
Baztarrikak ez du uste murrizketek euskararen normalizazioan eragina izango dutenik. Haren ustez, faktore askok eragiten dute hizkuntza baten normalizazioan, baina dirua ez da garrantzitsuena.
Euskadi Irratian egindako elkarrizketa batean azaldu duenez, helduak euskalduntzea eta euskarazko hedabideak izango dira sailburuordetzaren lehentasunak.
Euskaltegiek iazko diru-laguntza berdina jasoko dute, bai publikoek bai ekimen sozialenek ere. Halaber, Eusko Jaurlaritzak euskara ikasten ari direnentzako diru-laguntzen partida berreskuratuko du, aurreko gobernu taldeak kendu ostean. Orotara, 700.000 euroko partida izango du Eusko Jaurlaritzak, dirua ez dadin izan euskara ikasten ari direnen arazoa.
Bestalde, publikoak ez diren euskarazko hedabideek Jaurlaritzatik jasotzen duten laguntzetan ere ez da murrizketarik izango aurten.
Iparraldeko ikastolentzako diru-laguntzak
Eusko Jaurlaritzak Iparraldeko eta Nafarroako ikastolak diruz lagundu izan ditu hainbat urtean. Baztarrikak azaldu duenez, une honetan ez dago ezer zehatzik lotuta, baina bide guztiak irekita daude. "Jaurlaritzak inbertsioetarako eman izan dizkie diru-laguntzak Iparraldeko ikastolei, eta orain Jaurlaritzak inbertsioetan egin ditu doikuntza handienak politika sozialen mesedetan. Beraz, hitz egin beharko da, mahai gainean jarri beharko dira ikastolen premia zehatzak eta gure baliabideak, biak uztartu ahal izateko", gaineratu du.