Politika -
Nafarroako Kutxa
CANeko bileren aktak faltsutu zituztela uste du epaileak
Epaileak akta originalak eta horiek idazteko erabilitako ordenagailuak igortzeko agindu dio CANeko zuzendaritzari, dietak justifikatzeko faltsutu ote zituzten egiaztatzeko.
Erredakzioa
Iruñeko 3 zenbakiko instrukzio epaitegiko epaileak Erakunde Sortzaileen Batzorde Iraunkorrak egin zituen bileren akta originalak igortzeko agindu dio Nafarroako Kutxako (CAN) zuzendaritzari, Kontuz elkarteak hala eskatuta, faltsutu ote zituzten egiaztatzeko.
Halaber, akta horiek idazteko erabilitako ordenagailuak ere eskatu ditu Mari Paz Benito epaileak, astearte honetan publikatutako auto batean.
Kontuz elkarteak azaldu duenez, goi-kargudunei dieta bikoitzak eta hirukoitzak eman izana justifikatzeko helburuz, CANeko arduradunek bileren aktak faltsutu ote zituzten argitu nahi du epaileak, hori hala gertatu den "susmoa" baitago.
Besteak beste, Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko presidenteak, Miguel Sanz presidente ohiak, Alvaro Miranda Ekonomia eta Ogasun kontseilari ohiak eta Enrique Maya Iruñeko alkateak jaso zituzten dietak, CANen karguak zituztenean.
Kontuzen esanetan, epaitegiak "egiaztatu" egin du CANek orain arte igorritako aktak aurrezki kutxa horren beste hainbat erakundek egindako bilerenen kopiak direla. Gainera, Alberto Pascual CANeko idazkariak hori egitea "ohikoa" zela deklaratu zuen.
Egotzitakoa baieztatuko balitz, CANeko arduradunei agiriak faltsutzea egotziko liekete, eta ustezko delitu horrek "beste ikerketa bat" ekarriko luke, Kontuzek nabarmendu duenez.