Politika -
Aberri Eguna
LABek estrategia nazionala adosteko deia egin die eragile ezkertiarrei
Sindikatuaren ustez, "ezinbestekoa" da egungo eredu sozioekonomikoa aldatzea nahi dutenek akordioa egitea, gizartean nagusitasuna lortzeko.
Erredakzioa
LAB sindikatuak "Euskal Estatua" sortzeko "Euskal Herriko eragile ezkertiarrekin" estrategia "nazionala" adosteko deia egin du.
Aberri Egunaren harira zabaldu duen agirian sindikatu abertzaleak azaltzen duenez, "ezinbestekoa" da egungo eredu sozioekonomikoa aldatzea nahi dutenek akordioa egitea, gizartean nagusitasuna lortzeko eta "Euskal Herria berria" sortzeko.
Sektore abertzaleko mugimenduei "konpromiso nazionala" eskatu die sindikatuak, Euskal Herriaren interesei erantzuteko. Era berean, langileriari "eskubide sozial, politiko eta ekonomikoak" defendatzeko konpromisoa har dezala galdegin dio.
LABen esanetan, langileriaren borrokak "interpelazioa" izan behar du gainerako sektore ekonomikoentzat eta botere politikoarentzat "Euskal Herriak bide propioa eta demokratikoa" egin dezan.
"Bide sozioekonomiko propioa ezartzeko prozesua erabat lotuta dago Euskal Herriak estatuekin duen gatazkaren oinarriaren irtenbidearekin", gaineratu du LABek.