Politika -
Egoera politikoa
Arraiz: 'Gure eztabaida politikoa da, etika bakoitzaren esku dago'
EAJk ezin dio etika leziorik eman ezker abertzaleari, Sortuko presidentearen arabera.
Redacción
EAEko alderdi politikoek ETAren ibilbidearen gaineko hausnarketa etikoa egiteko eskatzen diote ezker abertzaleari, baina Hasier Arraiz Sortuko presidenteak uko egiten dio eskari horri: "Gure eztabaidak politikoak dira, etika bakoitzaren esku dago".
EFE albiste agentziari egindako elkarrizketa batean EAJk, PSE-EEk eta PPk zoru etikoaren gainean Eusko Legebiltzarrean adostutakoa izan du hizpide. Horren ustez, bakea eraikitzen saiatzeko moduko traketsa da, bazterketan oinarritutako akordioa delako.
Sortuko buruzagiaren iritziz, balorazio etikoak, eta zoru etikoak, irristakorrak dira maiz, eta "ez EAJk, ez Joseba Egibarrek, eta ezta beste hainbatek ezin diote ezker abertzaleari etika leziorik eman". "Gure eztabaidak politikoak dira, eduki politikoen gainekoak, eta etika bakoitzaren esku utzi behar da", gaineratu du. Halaber, ezker abertzalea prest agertu da iraganaz hitz egiteko.
Espainiako Gobernuaren jarrera salatu du
Euskal Herriko gatazka luzatzen aritzea egotzi dio Hasier Arraizek Espainiako Gobernuari, ETAk azken komunikatuan egin bezala.
"Mariano Rajoyk beti jarrera bera erakutsi ohi du arazoen aurrean, denbora pasatzen uzten du ezer egin gabe arazoak konponduko direlakoan", salatu du buruzagi abertzaleak. Jarrera horrek "ondorio larriak" izan ditzake Euskal Herrian, eta euskal gizartea, PSE-EEko eta PPko boto emaileak barne, gatazkaren amaiera eskatzen ari dira.
ETAren aldebakarreko desarmea baztertu du, Espainiako Gobernuak gutxietsi egingo bailuke pauso hori, nahikoa ez dela argudiatuz.