Politika -
Aberri Eguna
Euskadiren Egunaren aldeko defentsa egin du Patxi Lopezek
PSE-EEko buruaren esanetan ez da 'ulergarria' krisi egoeran Urkulluk estatus politiko berriaz hitz egitea.
Erredakzioa
Patxi Lopez PSE-EEko idazkari nagusiak Euskadiren Egunaren aldeko aldarria egin du Aberri Egunean. Horren ustez, ez da "ulergarria" krisi ekonomikoaren ondorioz bizi dugun larrialdi nazional egoera honetan, Iñigo Urkullu lehendakariak estatus politiko berriaz hitz egitea.
Europa Press albiste agentziari egindako elkarrizketa batean, gaur nazionalistek ospatzen duten Aberri Eguna izan du hizpide. Euskadiko sozialisten buruaren esanetan, 1979ko urriaren 25ean eratu zen Euskadi komunitate politiko gisa, Gernikako Estatutua onartuta. Egun horretan, EAEko herritar guztiak aitortzen direla uste du Lopezek. "Egun aproposa dela uste dut, Aberri Eguna, berriz, alderdi nazionalistek soilik ospatuko dute", gaineratu du.
Aurtengo Aberri Eguna "ezberdina" dela iritzi dio Lopezek, EAJ berriz ere Jaurlaritzan dagoelako. Egun hau aldarrikapen nazionalistak egiteko izan ohi dela adierazi badu ere, "EAJk Eusko Jaurlaritzan zer egingo duen esateko baliatu beharko luke egun hau".
Estatus politiko berria
Ez da estatus politiko berriaz hitz egiteko garaia Lopezen ustez, eta are gutxiago EH Bilduk planteatzen duen independentzia mahai gainean jartzeko. Independentzia gaitz guztien sendagaitzat jotzen du EH Bilduk, baina hori errealitatek kanpo bizitzea dela iritzi dio buruzagi sozialistak.
"Krisi global baten aurrean gaude, eta hemen inor ez dago salbu. EAE ez da uharte bat, eta inguruan gertatzen denak eragina du gugan. Espainiaren eta Europar Batasunaren barruan egonda indartsuagoak gara", gaineratu du.
Horren ustez, independentziak gizartea bitan haustea, eta gizartearen pobretzea ekarriko lituzke.