Politika -
Infantaren inputazioa
Inputazioari eta errugabetasun-presuntzioari 'errespetua' die Rajoyk
Fiskalaren erabakia ere errespetatzen duela esan du, eta 'Barcenasen agiri'en inguruan PSOEren galderak erantzungo dituela ziurtatu du. Ban Ki-moonek ''norabidea aldatzea'' eskatu dio Ipar Koreari.
Erredakzioa
Mariano Rajoy Gobernuko presidenteak erabateko errespetua agertu dio ostegun honetan Cristina infanta inputatzeko Castro epaileak hartutako erabaki judizialari, eta baita errugabetasun-presuntzioari ere.
Ban Ki-moon NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiarekin batera Moncloan eskaini duen prentsaurrekoan egin ditu adierazpenak Gobernuko presidenteak.
Rajoyk esan du Cristina infanta inputatzeko Castro epaileak hartutako erabakia errespetatzen duela, horren kontra helegitea jartzeko fiskalaren asmoa ere errespetatzen duela, eta, helegitea aurkeztuta, Palmako Probintzia Auzitegiak gairen inguruan hartuko duen erabakia ere errespetatuko duela.
Gobernua infantaren inputazioarekin kezkatuta dagoen galdetuta, presidenteak erantzun du ez dela ''gogoaren egoeraren inguruko kontu bat'', erabaki judizialen errespetuaren inguruko kontua baino.
Gardentasun legea
Errege Etxearen eta infantaren inguruan hainbat galdera egin dizkiote Rajoyri. Hala, Koroaren irudia hobetzeko neurriak hartuko dituzten, infantak bere familia-eskubideei uko egin behar ote dien eta Erregearen abdikazioa dela-eta Konstituzioak aurreikusten duen Lege Organikoa arautuko duten galdetu diote presidenteari, eta, horiei guztiei erantzuteko zera esan du: ''Ez dago ezer egitea aurreikusita''.
Gardentasun legea dela-eta, Gorteetan izapideak irekita daudela gogoratu du. Rajoyren hitzetan, Europar Batasuneko gainerako herrialdeetan dagoenaren antzekoa izatea da ''zentzuzkoena''.
'Barcenasen agiri'en inguruan PSOEren galderak erantzungo ditu
'Barcenasen agiri'etan ageri diren zenbait enpresaren eta Jose Maria Aznar presidentearen azken agintaldian egin ziren zenbait esleipenen inguruan hainbat galdera aurkeztu ditu PSOEk, eta horiei erantzungo diela ziurtatu du presidenteak.
"Zer egingo dugu? Galderak egiteko eskubidea dute...'', gaineratu du Rajoyk. Presidenteak onartu du ez duela galdera horien edukien inguruko datu zehatzik. ''Asko galdetzen dute'', gaineratu du, ironiaz.
'Norabidea aldatzea'' eskatu dio Ban Ki-moonek Ipar Koreari
Bestalde, Ban Ki-moon NBEko idazkari orokorrak ''norabidea aldatzeko'' deia egin dio Ipar Koreari, eta ''gauzak urrunegi'' joan direla esan du. ''Arma nuklearrak ez dira jokoa; oso serio hartzekoak dira'', gaineratu du.