Politika -
Nóos auzia
Mintegi: 'Infantaren inputazioari helegitea jartzeak txistea dirudi'
Mintegiren iritiz, "tristea" da ustelkeriaren aurkako ikerketak epaileengatik soilik aurrera ateratzea, "botere politikoak ezer egiten ez duen bitartean".
Erredakzioa
Laura Mintegi EH Bilduk Legebiltzarrean duen bozeramailearen ustez Ustelkeriaren Aurkako Fiskaltzak Cristina infantaren inputazioari jarritako helegitea "onartezina da eta txistea dirudi".
Efe agentziari egindako elkarrizketan esan duenez, infantaren inputazioa "berandu iritsi da", eta Ana Maria Tejeiro Diego Torres Urdangarinen bazkide ohiaren emaztearen inputazioaren batera iritsi beharko zukeen.
Koalizio abertzaleko bozeramailearen ustez "onartezina" da inputazio horri helegitea jartzea; "txistea dirudi".
Ustelkeriaren aurkako auzien ikerketak, Luis Barcenas PPko diruzain ohiarena eta Nafarroako Kutxarena esaterako, soilik epaileei esker aurrera atera izana kritikatu du, botere politikoak ezer egiten ez duen bitartean.
Auzi horiek guztiek, "ardura politikoa" dutela uste du, "baina botere politikoak beste alde batera begiratzen du eta aurrera ateratzen badira, epaile zintzo batzuei esker da", esan du.
"Lotsagarria da. Une honetan, politikaria izatea ez da harro egoteko modukoa", gaineratu du.