Politika -
Gürtel auzia
Campsen eta Costaren absoluzioa berretsi du Gorenak 'jantzien auzian'
PSPV-PSOEk jarritako helegitea baztertu du Auzitegi Gorenak eta era horretan, "jantzien auzia" amaitutzat jo du.
Erredakzioa
Francisco Camps Valentziako Generalitateko presidente ohia eta Ricardo Costa Valentziako PPko idazkari ohia errugabetzat jotzen zituen epaia berretsi du Auzitegi Gorenak.
Epaimahaiak aldeko bost botorekin eta kontrako lau botorekin jo zituen errugabe bi akusatuak eta PSPVk helegitea aurkeztu zuen. Gorenak gaur ebatzi du helegite hori eta aldeko lau botorekin, kontrako bakarrarekin eta Joaquin Gimenez epailearen boto partikularrarekin absoluzioa berrestea erabaki du.
Jantzien auzien herri akusazioa PSPV-PSOEk osatzen zuen eta epaimahai horren erabakiak "kontraesanak" zituela argudiatu zuen.
Epaiak ez zuen frogatutzat jotzen Francisco Camps Valentziako Generalitateko presidente ohiak eta Ricardo Costa Valentziako PPko idazkari nagusiak "Gürtel" azpijokoarengatik 13.000 euroko balioa zuten jantziak eta opariak jaso izana.
Helegitearen arabera, frogatutzat emateko edo aurkakorako, zazpi boto behar ziren, "gutxienez, akusatuaren kontrakoak izanez gero". Gorenak aldeko bost botoak eta aurkako lauak nahikoak izan zirela erantzun du.
Amaitu da Campsen ibilbide judiziala
Era honetan, Campsek eta Costak ez dute berriro akusatuen aulkian eseri beharko eta 2009ko otsailaren 6an hasi zen prozesua amaitutzat eman du epaiak.