Politika -

Katalanez hitz egiteagatik

ERCko bi diputatu Kongresuko tribunatik kaleratu dituzte

Ez dute gaztelania erabili nahi izan hizkuntza ereduaren azken sententzia kritikatzeko.

Joan Tarda Diputatuen Kongresura sartu bahino lehen. Argazkia: EFE.
Joan Tarda Diputatuen Kongresura sartu bahino lehen. Argazkia: EFE.
Joan Tarda Diputatuen Kongresura sartu bahino lehen. Argazkia: EFE.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ERCko bi diputatu Kongresuko tribunatik kaleratu dituzte gaur katalanez hitz egiteagatik. Kataluniako Justizia Auzitegiaren azken epaia salatu nahi izan dute ERCko bi ordezkariek.

Jesus Posada Kongresuko presidenteak Joan Tarda ERCko diputatua hizlarien tribunatik kaleratu du hemizikloan katalanez hitz egiteagatik. Hala, diputatuak Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiaren azken epaia salatu nahi izan du. Horren arabera, ikasle batek hala eskatzen badu,  eskolak gaztelaniaz ematera behartzen du Kataluniako Gobernua.

Tardak pentsioen gaineko lege dekretu bat baliozkotzeari buruzko eztabaida batean hartu du hitza. Katalanez hitz egitea erabaki du, eskolan ikasle baten gurasoek eskatuz gero gaztelaniaz irakatsi behar bada, Kongresuan ere egin beharko litzatekeela argudiatuta.

Posadak ohartarazi egin du, baina Tardak katalanez jarraitzea erabaki du. Orduan, Kongresuko presidenteak Ganberako araudiaren 104. artikulua irakurri dio, eta hirugarren ohartarazpena egin behar izanez gero tribunatik edota hemiziklotik kaleratuko duela jakinarazi dio.

Tardak ez dio kasurik egin, eta katalanez jarraitu du. Hala, Posadak eten egin du, eta diputatua aulkira bueltatu da.

Gauza bera gertatu zaio Albert Bosch ERCko bozeramaileari; izan ere, hiru aldiz abisua eman diote katalanez hitz egiteagatik, eta hirugarren abisuan tribunatik kaleratu du Posadak.

Sabino Cuadra Amaiurreko diputatua igo da jarraian. Horrek euskaraz hasi du mintzaldia Tardari elkartasuna agertzeko, baina, lehenengo ohartarazpena jasotakoan, gaztelaniaz jarraitu du hizketan.

Kazetariekin hizketaldi informal batean, Posadak argi utzi nahi izan du ez duela ezer pertsonalik Tardaren kontra, eta Ganberaren erregelamendua bete baino ez duela egin esan du.

Aurretik ere egin dute ERCko diputatuek hizlarien tribunan katalana erabiltzearen aldeko errebindikazioa. Irailean, Tardak, Amaiurreko eta Geroa Baiko diputatuekin batera, euren hizkuntza erabili zuten Ganberan mintzatzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea