Politika -

Galdakao

Senitartekoek eta lagunek omenaldi 'pribatua' egin diote Lopez Peñari

''Hileta zibil eta pribatua'' izanda, ''ekitaldia ez lantzea'' eskatu diete 'Thierry'ren familiako kideek komunikabideei, Herrirak zabaldutako ohar batean.

Xabier Lopez Peñaren hilotza Euskal Herrian da jada

0:37

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Senitartekoek eta lagunek omenaldia egin diote ostiral arratsaldean Xabier López Peña 'Thierry'ri Galdakaon, Aperribai frontoian. Ekitaldia pribatua izan da.

Herrirak komunikabideei igorritako prentsa-ohar labur batean, hileta zibil eta pribatua dela azaldu du familiak. ''Xabier Lopez Peña gure anaiaren azken agurra dela-eta zenbait komunikabidetan kaleratutako informazioa dela-eta, familiako kideek argitu nahi dugu Aperribai frontoian deitutako ekitaldia hileta zibila dela'', idatzi dute. ''Ondorioz, izaera erabat pribatua duen ekitaldia da'', gaineratu du familiak, eta ''izaera publikoa duen albiste gisa ez lantzea'' eskatu diete komunikabideei. ''Ez dugu nahi gure anaiaren azken agurra ikusmin mediatikoaren erdigunean egotea, ezta inongo gatazkarik eragitea ere'', bukatu dute.

Xabier Lopez Peña Thierryren hilotza 09:00ak aldera iritsi da Sondikako aireportura eta bertan 150 lagun elkartu dira, tartean Herrirako, Etxerateko eta ezker abertzaleko zenbait ordezkari. Jarraian Galdakaorako bidea hartu dute, Lopez Peñaren jaioterrira, eta bertako hilerrian hobiratu dute.

Fiskaltzak ekitaldia ikertzea eskatu du

Juan Calparsoro EAEko fiskalburuaten ustez, baliteke Sondikako ekitaldi horretan terrorismoa goratu izana, eta, Europa Press agentzian egindako adierazpenetan, gertatutakoa ikerketu egin beharko litzatekeela adierazi du Calparsorok. Dena dela, hori Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzari dagokiola gaineratu du.

Carlos Urquijo Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkariak, halaber, Galdakaoko ekitaldia debekatzea eskatu dio Eusko Jaurlaritzari.

Lopez Peña joan den martxoaren 30ean hil zen Parisko ospitale batean. Hiru aste lehenago eraman zuten bertara Fleury-Merogisko espetxetik. Familiak heriotza argitzeko exijitu du, oraindik ez baitizkiete arrazoiak azaldu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea