Politika -
Korrika 2011
Helegitea aurkeztuko dute, presoen irudiak erakustea ez zigortzeagatik
Auzitegi Nazionalak absolbitu egin zituen lau akusatuak. Epailearen arabera, ez dago froga nahikorik auzipetuek presoen argazkiak erakustean terrorismoa goratzeko asmorik zutenik.
Erredakzioa
Espainiako Auzitegi Nazionalak absolbitu egin zituen 2011ko Korrikan presoen argazkiak erakusteagatik auzipetutako lau lagunak. Terrorismoa goratu zutela uste du Fiskaltzak eta helegitea aurkeztuko du Auzitegi Gorenaren aurrean datozen asteetan.
Antza denez, 2011ko apirilaren 14an Korrika Bergara eta Arrasate herrietatik igaro zenean, presoen argazkiak erakutsi zituzten.
Iragan otsailean epaitu zituzten, eta hamasei hilabeteko kartzela zigorra eskatu zuen fiskalak auzipetu bakoitzarentzat. Epaiketan akusatuek uko egin zuten terrorismoa goratu zutenik.
Martxoaren 5ean absolbitu egin zituen Auzitegi Nazionalak, izan ere, ez zen frogatuta gelditu terrorismoa goratzeko asmoa zutenik.
Fiskaltza ez dago epaiarekin ados eta helegitea aurkeztuko du.