Politika -
'Ata' zigortu ostean
'Bake sentsazioa' duela onartu du Fernando Traperok
ETAk Capbretonen hildako guardia zibiletako baten aitak adierazi duenez, epaiketaren hasieran terroristak eta haien senitartekoak "oso harro agertu ziren".
Erredakzioa
Pariseko auzitegiaren epaia ezagutu eta gero, "bake sentsazioa" duela adierazi du Fernando Trapero ETAk Capbretonen hildako guardia zibiletako baten aitak. Mikel Kabikoitz Carrera Sarobe Ata ETAko buruzagi ohiari biziarteko kartzela-zigorra ezarri dio epaitegiak bi guardia zibilak hiltzeagatik.
Onda Cero irratian egindako elkarrizketan, epailearen "zintzotasuna" goraipatu du Traperok. Familiak "guztiei zigorrik handiena ezartzea nahi zuen, baina errealistak izan behar gara", Traperoren ahotan.
Traperoren hitzetan, epaiketaren hasieran terroristak eta haien senitartekoak "oso harro agertu ziren". "Ezer axola ez" zitzaiola demostratu nahi zuten, erantsi du. Hala ere, pixkanaka-pixkanaka "aurpegiaren kolorea" aldatzen joan zaie eta sententzia ezagutu ostean batzuek negar egin dute.
Frantziako Poliziari eta "bereziki" Guardia Zibilari eskerrak eman dizkie, kide guztien "arduragatik, gizartearen zerbitzura bizitza arriskatzen dutelako".