Politika -

Prozesu judiziala

Mikel Zabala Astigarragako alkate ohiaren etxea enbargatu dute

Donostiako Epaitegiak Udalari 400.000 eurotik gorako kauzioa eman behar ziola ebatzi zuen, eta berme gisa bahitu diote etxea. Alkate zenean sinatutako kontratu baten harira sortu zen auzia.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Astigarragako (Gipuzkoa) Udalak Mikel Zabala alkate ohiaren etxebizitza bahitu du berme gisa. Izan ere, alkate ohiak milioi erdi euro baino gehiago ordaindu behar dizkio Udalari, alkate zen garaian enpresa batekin sinatutako akordioa gauzatu ez zenez, Udalak enpresari eman zion kalte-ordaina konpentsatzeko.

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak emandako ebazpen baten harira agindu du Udalak etxea bahitzea. Izan ere, auzitegiak atzera bota du alkate ohiak jarritako helegitea.

1995ean, Zabala Astigarragako alkate zenean (EAn zegoen garai hartan), itun urbanistikoa sinatu zuen Elgopebi enpresarekin.

Akordio horren  arabera, Udalak lur-sail bat eman behar zion Elgopebiri, enpresak zuen lur eremu batean errepidea eraikitzeko, 1.000 metro koadro kenduko zizkiotelako.

Hitzarmen hori ez zen Udaleko osoko-bilkuran bozkatu, eta hurrengo udal-gobernuak (Euskal Herritarrokena) ez zuen aurrera eraman. Hori horrela, Elgopebik auzitegietara jo zuen, eta Udalak 416.000 euroko kalte-ordaina eman zion.

Ebazpen hori zela eta, 2011n, Astigarragak 416.000 euro horiek eta 145.000 euroko interesak eman behar izan zizkion Elgopebiri.

Udalak, osoko-bilkuran, Zabalaren kontra ardura espedientea abiatzea adostu zuen 2012ko urtarrilean, Zabalak kudeaketa txarra egin ote zuen eta kalte-ordaina beregain hartu behar ote zuen jakiteko.

Hiru hilabete geroago, Udalak ondorioztatu zuen "arduragabekeria larria" izan zela alkate ohiarena, eta kalte-ordaina beregain hartu behar zuela erabaki zuen.

Hori horrela, Zabalak Donostiako Auzitegira jo zuen. Auzitegiak Udalari eman zion arrazoia, eta Zabalak Justizia Auzitegi Nagusian aurkeztu zuen ebazpenaren kontrako helegitea.

Auzitegi Nagusiak atzera bota du helegitea eta berretsi egin du kalte-ordaina Udalari emateko betebeharra.

Udalak dagoeneko jakinarazi dio Zabalari etxea bahituko diola, baina oraindik enkantean jarri ez duenez, bertan bizitzen jarraitzen du alkate ohiak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea