Politika -

'Barcenasen agiriak'

9 enpresaburu inputatu ditu epaileak, PPren dohaintza-emaile gisa

Pablo Ruz epaileak, halaber, lekuko gisa deklaratzera deitu ditu PPko hainbat kide, tartean Pio Garcia Escudero, Jaime Ignacio del Burgo, Santiago Abascal eta Jaume Matas.

Pablo Ruz epailea.
Pablo Ruz epailea.
Ruz epaileak 9 enpresari ezagun inputatu ditu PPri dohaintzak egiteagatik

0:41

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pablo Ruz Auzitegi Nazionaleko epaileak inputatu gisa deklaratzera deitu ditu ''Barcenasen agiri'' gisa ezagutzen diren paperetan PPren dohaintza-emaile gisa ageri diren bederatzi enpresaburu. Halaber, lekuko gisa deklaratzera deitu ditu PPko hainbat kide, tartean Pio Garcia Escudero Senatuko presidentea.

PPren ustezko B kontabilitatea ikertzen duen Ruz epaileak 18 lagun deitu ditu deklaratzera guztira (inputatu gisa batzuk eta leku gisa beste batzuk), maiatzaren 20tik 29ra bitartean.

Maiatzaren 27an hasiko dira inputatutako zortzi enpresaburuen deklarazioak. Luis Barcenas PPko diruzain ohiaren paperen arabera, alderdiari dirua eman zioten.

Egun horretan, Hispanica enpresa eraikitzaileko Alfonso Garcia Pozuelok, Juan Miguel Villar Mir OHLko presidenteak eta Jose Luis Sanchez Dominguez Sando taldeko presidentak deklaratuko dute.

Maiatzaren 28an, Luis del Rivero Sacyr Vallehermoso enpresako presidente ohiak, Manuel Contreras Azvi SL enpresa taldekoak eta Juan Manuel Fernandez Aldesa Construcciones enpresako kideak deklaratuko dute.

Azkenik, maiatzaren 29an, Jose Mayor Oreja FCC Eraikuntza taldeko presidente ohia, Antonio Vilella Rubau taldekoa eta Pablo Crespo Gürtel auziko ustezko bigarrena pasatuko dira epailearen aurretik.

PPko hainbat kide, lekuko gisa deituta

Halaber, epaileak bederatzi lekuko deitu ditu, horien artean, PPko hainbat kide. Horiek Barcenasek ustez idatzitako paperetako kontabilitate oharrak onartu zituzten.

Era honetan, Pio Garcia Escudero Senatuko presidenteak deklaratuko du epailearen aurrean (bulego ofizialetik egingo du deklarazioa), baita Jaime Ignacio del Burgo PPk Kongresuan duen bozeramaile ondokoak eta Calixto Ayesa Nafarroako Osasun kontseilari ohi eta PPNko exekutibako kideak ere.

Hauekin batera, Jaume Matas Balearretako presidente ohi eta Ingurugiro ministro ohiak, Santiago Abascal EAEko PPko kideak, Jorge Trias diputatu ohiak (Barcenas auziagatik Fiskaltzaren aurrean deklaratu zuen jada), Luis Molero PPko kutxazainak eta Milagros Puente alderdiko kontabilitate buruak deklaratuko dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea