Politika -
Nafarroa
Errepresaliatuak gogoan izan dituzte Sartagudako Memoriaren Egunean
Asteburu honetan bost urte bete dira, 1936ko kolpe militarraren ondoren Nafarroan fusilatu zituzten biktimen omenez, Memoriaren Parkea zabaldu zutela.
Erredakzioa
Asteburu honetan Sartagudako Memoriaren Parkearen bosgarren urtemuga ospatu dute. Aipaturiko gunea, 1936ko kolpe militarraren ondoren Nafarroan fusilatu zituzten 3.000 lagunen omenez eraiki zuten. Urteurren horren harira, lehen aldiz, Memoriaren Eguna antolatu dute.
Antolatzaileek biktimak aitortzea eta memoriaren balioa azpimarratzea eskatu dute. Halaber, erakundeek ez dutela ezer egiten salatu dute.
Gaurko egunez, errepresaliatuak gogoratu eta horiek defendatu zituzten idealak nabarmendu nahi izan dituzte, Jose Ramon Martinez "Alargunen herria" elkarteko bozeramaileak jakinarazi duenez.
Sentsibilitate falta
Memoriaren Parkea ireki eta bost urtera, Nafarroako Gobernuko ordezkarien sentsibilitate falta salatu dute. Izan ere, Nafarroan 3.500 biktima izan eta oraindik inork ez diela ez errekonozimendurik ezta barkamenik ere eskatu salatu dute.
Joseba Ezeolaza Nafarroako fusilatuen senitartekoen elkarteko kideak esan duenez, "hiru ardatza ditu memoria historikoaren inguruko lanak: egia, justizia eta errekonozimendua. Horren inguruan sakondu nahi dugu, eta hausnarketa egiteko eskatu diogu Nafarroako Gobernuari. Aurrerapausoak emateko unea da".
12:00etan ekitaldia egin dute plazan, eta Jose Maria Jimeno Juriori omenaldia egin diote. 14:30ean bazkaria izan da igerilekuan. Bestalde, Jose Ramon Urtasunen "Nafarroa 1936" erakusketa ere ikusgai egon da Sartagudako Udaletxean.