Politika -

Sekretupetik ateratako agiriak

DRILek hil zuen Begoña Urroz, eta ez ETAk, Poliziaren agirien arabera

Orain zabaldu duten txosten horren arabera, 1960an Donostian izandako atentatuaren egilea DRIL talde armatua izan zen, eta ez, azken urteetan zabaldu den bezala, ETA.

Desklasifikatutako dokumentuen arabera, Begoña Urroz DRILek hil zuen. Argazkia: EITB
Desklasifikatutako dokumentuen arabera, Begoña Urroz DRILek hil zuen. Argazkia: EITB
DRILek hil zuen Begoña Urroz, Poliziaren agirien arabera

1:29

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

1960ko ekainean Donostian izandako atentatuaren egilea DRIL (Askapenerako Iberiar Direktorio Iraultzailea) talde armatua izan zen, 1961etik Poliziaren esku zeuden agiri batzuen arabera, Xabier Montanya kazetariak zabaldu eta Berria-k igande honetan argitaratu duenez. Atentatuan, Begoña Urroz 18 hilabeteko haurra hil zen.

Azken urteetan, ETAri egotzi diote atentatu hori, baina orain zabaldutako txosten horiek nork egin zuen argitu dute. 1961ko agiri horietako informazioari jarraituta, hainbat erbesteratuk Portugalgo eta Espainiako diktaduren aurka egiteko osatu zuten erakunde armatu horrek egin zuen atentatua. Halaber, egun batzuk geroago beste hainbat atentatu egin zituzten, Bilbon, Bartzelonan eta Madrilen.

Atentatu-katea

Erasoan, Begoña Urroz haurra hil zen, eta beste bost lagun zauritu ziren. "Hurrengo egunean, Donostian, Norteko eta Amarako geltokietan, utzitako bi maleta leherrarazi zituzten; ondorioz, bost lagun zauritu ziren, eta 18 hilabete haur bat hil zen", dio polizia-txostenak.

Ondoren, Poliziak hiru lagun atxilotu zituen, Madrilen, eta Belgikako Poliziak sarekada abiatu zuen Liejan, DRILekin lotura zutelakoan. "Uztailean hainbat espainiar atxilotu dituzte Liejan, Espainian ekainaren azken egunetan izandako atentatu terroristen egileak izatea egotzita", jaso zuten orduan txosten batean.

Halaber, "ekintza terrorista horien ondorioz egindako ikerketei esker, Angel Martin Ferreras 'Cabezón', Jose Luis Rodriguez Rodriguez 'Chiquilín' eta Ernesto Martin Ortiz atxilotu dituzte, Madrilen; atxilotuek Martinez Donosorekin harremana izan dute, eta, hark ihes egin ostean, Espainian geratu dira, ekintza gehiago antolatzeko".

Desklasifikazioa

1960an Donostian izandako atentatua ETAri egoztea "oinarririk gabeko bertsioa da", Xavier Montanya kazetariaren esanetan. Ikertzaile katalan horren iritzian, "Begoña Urrozek terrorismoaren biktima izaten jarraitzen du, baina ez ETAren terrorismoaren biktima, atentatu horren egilea DRIL izan zelako".

Luis  Seronek Euskadi Irratirako esklusibaz egindako elkarrizketan, Montanyak  ikerketaren nondik norakoak azaldu ditu. "'Santa Maria'  transatlantikoaren bahiketari buruz idazteko ikertzen ibili nintzen, 'Askatasunaren piratak' izenburuko  liburua idazteko, 2002an, Espainiako Artxibo  Nazionalean", adierazi du, "Brigada politiko-sozialak  DRILi buruz 1960-1963 urteetan egindako buletinak aurkitu nituen orduan, baina sekretuak ziren. 50 urteren buruan, sekretupetik atera zituztenean, bertara itzuli eta horien edukia lortu nuen".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea