Politika -

Elkarrizketa, Venezuelan

Kubarara alde egingo duela dio Willy Toledok

Telesur Venezuelako katean egindako elkarrizketa batean, ''faxista'' gisa definitu du Rajoy presidentea. Garzonen eta erregearen jardueraren inguruko iritzia ere eman du.

Willy-Toledo-Venezuela-EITB
Willy-Toledo-Venezuela-EITB
Willy Toledo: 'Rajoy faxista bat da, frankismoaren politiken oinordekoa'

2:45

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Willy Toledo Kubara doa. ''Maiatzetik aurrera Habanan biziko naiz'', esan du TeleSur Venezuelako telebista katean egin duen elkarrizketa batean. Bertan, Europako eta Espainiako egoerak aztertu ditu, eta, besteak beste, Garzon epailearen, Mariano Rajoy presidentearen eta erregearen jardueren inguruan iritzia eman du aktoreak.

''Neoliberalismoaren, kapitalismo basatiaren, politikarien eta agintarien deshumanizazioaren eta herritarrek jasaten ari garen krudelkeriaren jazarpenaren biktima gara Europan'', esan du.

''Espainian asko dira Latinoamerika demokrazia eta giza eskubideen beharrean dagoela esateko trebentzia duten politikari eta kazetariak. Espainiarrak sinplekerian, ezjakintasunean eta kultura faltan erori gara. Kultura mailan aurreratuta dagoen gizartea ginela uste izan dugu'', gaineratu du aktoreak.

Garzon epailea

Epaileaz galdetuta, Toledok esan du ''bi aurpegi'' dituela: ''% 50 balekoa da (diktadurak auzitegietara eramateko egindako lanari dagokiona); baina beste aurpegi bat ere badu, eta, nire ustez, bigarren horrek baliorik gabe uzten du lehenengoa'', esan du.

''Haren bulegotik milaka atxilotu igaro dira, eta ez bakarrik ETAko kideak; baita ezker abertzale independentistako kideak ere, atxiloketetan torturak eta tratu txarrak salatu dituztenak. Epaileak ez ditu salaketa horiek ikertu, baina'', gaineratu du.

''Garzon epaileak alderdi politikoak legez kanpo utzi ditu, komunikabideak itxi ditu, eta ETAren ingurukoak sortu ditu. Bertan, Espainiako ezkerreko edozein atal sar gaitzakete, diskurtso ofizialaren kontra egiteagatik. Garzon ez da giza eskubideen gidaria'', gaineratu du.

''Rajoy faxista bat da, frankismoaren politiken oinordekoa''

''Hurrengo hauteskundeetan Garzon ezkerreko koalizio batean aurkez dadin saiakera bat abian dela uste dut. Beharbada, hobeto letorkiguke, Mariano Rajoy faxista nazional katoliko bat eta frankismoaren politiken oinordeko jauna baino '', esan du elkarrizketan.

Erregea

Monarkiaz galdetuta Willy Toledok esan duenez, ''ez dago monarkia bat baino zerbait antidemokratikoagorik''. ''Espainiako kasuan, gainera, diktadore kriminal eta genozida batek jarri zuen erregea bere tokian'', salatu du.

Erregearen jarduera dela-eta, Toledok esan du ''multinazional handien agente komertziala'' dela. ''Enpresa horien ordezkaria da, eta salerosketa horietako askoren ondorioz erregeak komisioak jasotzen ditu. Hori argitaratuta dago. Artikulu eta liburu asko daude argitaratuta'',  gaineratu du aktoreak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea