Politika -
Bilera Katalunian
Galdeketa independetziatik bereizten ez bada PSCk ez du parte hartuko
"Goi-bileraren ostean desengainua hartu dugu eta kezkaturik gaude, Gobernuarentzat galdeketa printzipio demokratikoa ez delako, burujabetasuna lortzeko tresna baizik", adierazi du Pere Navarrok.
Erredakzioa
"Erabakitzeko eskubidearen itun nazionalean" parte hartzeko zailtasunak ikusten ditu Pere Navarro PSCko idazkari nagusiak; izan ere, ez dute modu "neutralean" planteatu, independentziari lotuta baizik. Sozialistak burujabetasunaren aurka azaldu dira.
"Gaur ikusitako guztiarekin ez gara bertan egongo (kontsultaren itunean). Goi-bileraren ostean desengainua hartu dugu eta kezkaturik gaude, Gobernuarentzat galdeketa printzipio demokratikoa ez delako, burujabetasuna lortzeko tresna baizik", adierazi du Navarrok.
Kontsultari babesa eman dioten Kataluniako alderdien arteko bilera amaitu ostean prentsaurrekoa eman du buruzagi sozialistak. PSC Kataluniako Gobernuak bultzatu nahi duen itunean seguru aski ez dela izango esan du Navarrok; izan ere, momentuz sozialistek behar dituzten "baldintzak ez dira ematen". Erabakitzeko eskubidea eta independentzia bereizi behar dira eta "Estatuko egiturak" eraikitzeari utzi behar diote.
Chaconen gutuna
Carme Chacon ministro ohiaren gutuna argitaratu dute zenbait komunikabidek gaur. Kontsultaren itunean ez parte hartzeko eskatu dio Chaconek PSCri gutunean. Masen "aurrean" jartzeko eskatu dio, eta ez alboan. Hala ere, ministro ohiaren gutunak bere adierazpenetan eraginik ez duela izan argi utzi nahi izan du Navarrok.
Galdeketaren aldeko Kataluniako ordezkariak bilduta. EFE
"Chacon eta Rubalcaba galdeketaren aurka daude, baina PSC alde dago. Hala ere, hirurak batzen gaituen gauza bat dago, hirurak ez dugu nahi Katalunia Espainiatik bereiztea", nabarmendu du.
Bi egunkaritan mezu bat azaltzea "proposamenak jasotzeko erarik onena ez" dela kritikatu du Navarrok.
Bide orria
Erabakitzeko eskubidearen bide orria aztertzera deitu dituzte gaur gai horren inguruan Katalunian deitutako bileran parte hartu duten alderdiak.
Horrela aurreratu du Jordi Turull CiUko parlamentariak. Bi orduko iraupena izan duen bileraren ostean agerraldia egiten aurrenekoa izan da Turull.
Ordezkari politikoak bilera baino lehen. EFE
Artur Mas Kataluniako presidenteak aurkeztutako agiria aztertu dute gainerako alderdiek goi-bileran (CiU, ERC, PSC, ICV-EUiA eta CUP). Turullen hitzetan, "ez da gutxieneko" proposamena. Kataluniako sozialistek "ezin izango diote prozesuari ezetz esan", erantsi du.
Gutxi geroago, Francesc Homs Kataluniako Gobernuko bozeramailea pozik azaldu da goi-bileraren emaitzarekin, eta Carme Chaconen "erasoaren ostean" prozesutik ez aldendu izana eskertu dio PSCri.
"Pere Navarro PSCko buruzagiaren jarrera positiboa dela uste dut, Carme Chaconen gutunaren ostean ez zen erraza", adierazi du. Agintari sozialistaren adierazpenei garrantzia kendu nahi izan die Homsek, "bileran galdeketaren aldeko gehiengo sendo bat dagoela argi geratu delako, nahiz eta ñabardurak izan".