Politika -

Ondarroan

Ehunka lagunek Urtza Alkortaren atxiloketa eragotzi nahi dute

Ertzaintza bitan saiatu da ondarrutarra atxilotzen, Gorenak epaia berretsi zuenetik.

Ondarroako herri harresia. Argazkia: EiTBcom
Ondarroako herri harresia.
Ehunka lagun elkartu dira Ondarroan Urtza Alkortaren atxiloketa eragotzi nahian

0:25

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Urtza Alkorta ETAri laguntzea egotzita zigortutako gaztea 'herri harresia'k babestuta dago Ondarroako (Bizkaia) Zumardian, Ertzaintzak atxilotu ez dezan. Izan ere, Ertzaintza bitan saiatu da hura atxilotzen.

Otsailaren 8an Auzitegi Gorenak berretsi egin zion 5 urteko kartzela-zigorra. Handik aste batzuetara 10 eguneko epea jarri zioten bere burua kartzelan aurkezteko, baina aginduari entzungor egin eta ordutik aurrera hura "bilatzeko eta atxilotzeko" agindua eman zuten.

Astearte gauean, Ertzaintza Alkortaren gurasoen etxera joan zen gaztea atxilotzera, baina ez zegoen bertan. Asteazkenean berriro joan ziren, etxean sartzeko epaileak emandako baimenarekin, baina orduan ere, Alkorta ez zegoen etxean.

EH Bilduk Ondarroara joateko deia egin zuen ostegunean, Alkortaren atxiloketa oztopatzeko helburuarekin.

Gorenaren arabera, Alkortak ETAko talde bati "posta, informazio eta konpainia" lanetan lagundu zion. Horretarako 2008ko urtarrilean Frantziara joan zen trebatzeko.

Sententzia argitaratu ostean, alderdi berrian "aholkularitza" lanak egiten zituela ziurtatu zuen Sortuk.

12:30 aldera Alkortak plazako eskailerak jaitsi ditu ukabila goian zuela, EH Bilduk egindako deialdia babestu duten lagunek pasilloa egiten zioten bitartean.

Concentración en apoyo a Urtza Alkorta_Ondarroa

Concentración en apoyo a Urtza Alkorta_Ondarroa

Ondarroako elkarretaratzea. EFE

Gaztea plazaren erdian eseri da, Maribi Ugarteburu legebiltzarkidea eta Iker Rodrigo Bizkaiko Sorturen buruzagia alboan zituela. Duela gutxi Rodrigo atxilotu zuten, Javier Lopez Peña Thierry ETAko buruzagiaren gorpuari Loiuko aireportuan egindako harrera antolatzeagatik.

Inguruan 200 bat pertsona bildu dira espazioak betez, Alkortaren atxiloketa eragozteko.

Ertzaintza heltzen denean polizia-etxera eramateko eskakizuna egitea gomendatu diete ekintzaile guztiei megafoniatik, identifikazioen bidez zigortuaren atxiloketa gehiago atzeratzeko.

Estefania Beltran de Heredia Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak ez du gaur Ertzaintzaren egitasmoen berri eman.

Sailburuak Galdakaoko Ertzaintzaren polizia-etxera bisitatu du gaur. Beltran de Herediaren hitzetan, "kasu honetan, beste batzuetan egin bezalaxe, Ertzaintzak egoera aztertu eta behar bezala ekingo du".

Concentración en apoyo a Urtza Alkorta_Ondarroa

Concentración en apoyo a Urtza Alkorta_Ondarroa

Ondarroako elkarretaratzea. EFE

Ekintzako parte-hartzaileek manifestaldia egin dute arratsaldeko azken orduan Ondarroako kaleetan, "kartzela hustutzeko garaia" lelopean.

Askegunea

Aurreko apirilaren 19an mila pertsona inguruk babesa eman zieten Segiko kide izateagatik zigortutako sei kideri, Donostiako Boulevarren, Aske Gunean.

Azkenik, Ertzaintzak, bertan 'herri harresia' osatu zutenak banan-banan kendu eta zigortutakoak atxilotu zituen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea