Politika -

Plan ekonomikoa

Aburto: 'Akordioa egin genuen aldundiekin, Bilduk ukatu arren'

"Agian EAJrekin itunak egiten agertzeak beldurra ematen dielako ez dute aitortu nahi, baina lekukoak daude", adierazi du Enplegu sailburuak.

Juan Maria Aburto Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Politiketarako sailburua. Argazkia: EiTB
Juan Maria Aburto Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Politiketarako sailburua.
Juan Maria Aburto Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Politiketarako sailburua. Argazkia: EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Juan Maria Aburto Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Politiketarako sailburuak adierazi duenez, "jakina" da aurreko asteazkenean Iñigo Urkullu lehendakariak eta hiru aldundiek egindako bileran akordioetara iritsi zirela, nahiz eta Gipuzkoako Aldundiak ukatu.

"Agian EAJrekin itunak egiten agertzeak beldurra ematen dielako ez dute aitortu nahi, baina lekukoak daude", azpimarratu du Aburtok Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean.

Bilduk "desadostasunak azpimarratu" nahi dituela salatu du, eta arduraz jokatzea eskatu dio, agintean dagoelako.

Sailburuak azaldu duenez, itunaren arabera, Eusko Jaurlaritzak aldundiekin partekatuko du defizit publikoaren balizko gorakada, dagoeneko aurreikusita dauden azpiegituretan inbertitu ahal izateko.

Era berean, eskualde mailan enplegua sustatzeko diru-funtsa sortzea ere adostu omen zuten eta, Bildu Eudeleko gobernu-organuetatik kanpo badago ere, Gipuzkoa egitasmotik "kanpo ez uztea" omen da Jaurlaritzaren "irizpidea".

Maiatzaren 30eko greba orokorra

Euskal gehiengo sindikalak maiatzaren 30erako deitu duen greba orokorraren harira, "zilegi" dela, baina egungo egoeran "konfrontazioak ezer ez" duela lortzen, eta "irtenbidea elkarlanean" dagoela esan du.

"Une honetan, lanuztearen eraginkortasuna txikia izango da. Gizartearen eta administrazio publikoen kontra doan greba orokorra da", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea