Politika -

Epaiketa

GRAPOko kide bat epaituko dute bihar, lapurreta bat egitea egotzita

Fiskaltzak armak erabiltzea, indarkeria erabiliz lapurreta egitea, hiru pertsona hiltzen saiatzea, lehergaiak erabiltzea, eta armak legez kanpo edukitzea leporatu dio.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Fernando Silva Sande GRAPOko kidea epaituko dute bihar Sant Quirze del Valles (Bartzelona) herrian blindatutako furgoi batean lapurreta egiteagatik. Fiskaltzak 29 urteko kartzela zigorra eskatuko du Silvarentzat.

Lapurreta 1994ko uztailaren 1ean gertatu zen, eta gertaera horregatik Enrique Cuadra Echeandia eta Jose Ortin GRAPOko kideak zigortu zituzten beste epaiketan batean.

Fiskalaren arabera, lapurreta gertatu baino hilabete batzuk lehenago, Cuadra Echeandiak etxebizitza bat alokatu zuen Bartzelonan, eta Sant Quirz del Valleseko lapurreta eta beste hainbat ekintza prestatu zituen.

Silva eta Ortin bi autotan Sant Quirze del Vallesera joan ziren, eta Alcampo supermerkatuaren aparkalekuan gelditu ziren, Prosegurreko furgonetaren zain.

23:00etan heldu zen Prosegurreko furgoneta aparkalekura. Silvia Sandek auto telegidatu batean lehergaia jarri eta ibilgailuaren ondoan leherrarazi zuen, bi langile bertara igotzen ari ziren unean.

Lehergaiak eragindako nahasmenaz baliatuta, GRAPOko kideek furgoneta barruko kideei tiro egin zieten, eta 25 milioi pezeta (150.000 euro) lapurtu zituzten.

Hara joateko erabilitako auto batean sartu eta Bartzelonara ihes egin zuten; eta beste autoa (Ford Escort) bertan utzi zuten. Gerora, auto horretako hautsontzian zeuden hatz-markak baliatu zituen Poliziak Silva Sande atxilotzeko.

Fiskaltzak armak erabiltzea, indarkeria erabiliz lapurreta egitea, hiru pertsona hiltzen saiatzea, lehergaiak erabiltzea, eta armak legez kanpo edukitzea leporatzen dio.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea