Politika -
Estatuko eraikinetatik
2011tik Gobernuak ikur frankistarik kendu ez duela aitortu du PPk
Amaiurreko diputatuaren galderari erantzunda, 2011ko abendutik Rajoyren Gobernuak ikur frankista bat ere ez duela erretiratu azaldu du Kongresuan Alderdi Popularrak.
Erredakzioa
Mariano Rajoyren Gobernuak Estatuko Administrazio Orokorrekoak diren eraikinetik ikur frankistarik kendu ez dituela baieztatu du Kongresuan Alderdi Popularrak. Horrela aitortu du PPk Jon Iñarritu Amaiurreko diputatuak plazatutako galderari erantzuna ematean.
Halaber, PPk azaldu duenez, orain arte 570 ikur frankista erretiratu dituztela esan du Gobernuak, 2011ko apirilaren amaieran oroimen historikoari buruzko webgune ofizialak jasotzen zuen ikur kopuru bera.
"Gainerako ikurrak izapidetze prozesuan daude, prozedura administratiboa eta kostua hartuta", azpimarratu du Gobernuak. Gainera, orain arte kendutako ikurrei buruzko informazio zabalago izateko www.memoriahistorica.gob.es webgunera jotzeko gomendatu du.
400 ikur baino gehiago
Gobernuak izendatutako adituen arabera, guztira, 13 ministerioei eta Estatuko Administrazio Orokorreko bestelako erakunderi dagozkien 705 ikur aztertu dituzte. Defentsa Ministerioak zituen ikur kopuru gehien, eta orain arte 400 ikurretik gora kendu dituzte. Horietatik % 79 inguru PSOEk erretiratu zituen.