Politika -
Bilboko epaitegian
Tasio Erkiziak BBKko 'escrache'agatik deklaratu beharko du
Ezker abertzaleko militante beteranoaren aurka salaketa aurkeztu zuen Ertzaintzak elkarretaratzean.
Erredakzioa
Tasio Erkizia ezker abertzaleko militante beteranoa deklaratzera deitu du Bilboko epaitegi batek. "Agintearen aurkako ustezko delitu" bat leporatu diote. Bilboko BBKren egoitzaren aurrean, apirilaren 11n, egindako escrache-an jazo ziren gertakariak. Erkiziak datorren ostegunean deklaratu beharko du.
EH Bilduk agiri batean jakitera eman duenez, Erkiziaren aurka salaketa aurkeztu zuen Ertzaintzak elkarretaratzean.
Protesta talde sozialek deitu zuten BBKko batzar nagusiaren atean. Finantza entitateak etxegabetzeen aurrean duen jarrera salatzeko helburua zuen elkarretaratzeak.
EH Bilduren arabera, Erkiziak inputatu gisa deklaratuko du, baina Segurtasun Sailak ez du baieztatu, nahiz eta ertzainek identifikatu zutela eta eginbideetan agertzen dela azaldu.
Salaketaren aurkezpena "gaitzetsi" du EH Bilduk. Koalizioaren hitzetan, Ertzaintza "jazarpen politiko onartezina" egiten ari zaio Euskadiko sektore politiko zehatz bati.