Politika -
Doako laguntza juridikoa
Jaurlaritzak ez ditu ordainduko baliabideak dituzten pertsonen kasuak
EAEko abokatuek salatu dutenez, beren lana eginda ere zenbaitetan ez dute ordainetan dirurik jasotzen, defendatutako lagun horrek doako laguntza juridikoa jasotzeko eskubiderik ez duelako.
Erredakzioa
Ana Agirre Eusko Jaurlaritzako Justizia sailburuordeak doako justizia izan du gaur hizpide Eusko Legebiltzarrean, eta, ohartarazi duenez, Jaurlaritzak ez ditu bere gain hartuko nahikoa baliabide ekonomiko izateagatik bertan behera geratu diren kasuen gastuak.
Eusko Legebiltzarreko dagokion batzordean jorratu dute gaia gaur, eta bertan izan da Ana Agirre Justizia sailburuordea, Miren Gallastegui legebiltzarkide sozialistak eskatuta. Lopezen Gobernuak doako laguntza juridikoaren inguruan onartutako dekretuaren harira, Legelarien Euskal Kontseiluarekin sortu den arazoaz galdetu dio legebiltzarkide sozialistak.
Doako laguntza juridikoaren zerbitzuari eusteko arazoak dituztela salatu dute EAEko abokatuek. Horien esanetan, egindako lanarengatik dirua jasotzeko arazoak dituzte, eta gehiegizko burokraziari egin behar diote aurre.
Ana Agirreren esanetan, sistemak funtzionatzea da Justizia Sailaren helburua. Eusko Jaurlaritzak legeak bete eta horiek betearazi behar ditu, baita doako justiziari buruzko dekretua ere. Horren iritziz, doako justizia zerbitzuaren funtzionamendua bermatzeko, ezinbestekoa izango da Legelarien Euskal Kontseiluarekin "gutxieneko" akordio bat lortzea.
Egoera ekonomikoaren larritasuna eta aurrekontuen luzapena ekarri ditu gogora Agirrek, erakunde publikoen baliabideak ahalik eta ondoen kudeatu behar direla esateko. Halaber, zerbitzuaren beharrak asetzeko, diru-partidak onartzeko prest agertu da.