Politika -
Kongresurako ekimena
Murrizketen aurkako protestak 'zigorgabetzeko' eskatuko du Amaiurrek
Testuinguru honetan "zilegi" eta "betebehar bat" da urteetan lortutako eskubideen alde egiteko kalera ateratzea, Amaiurreko bozeramaileek esan dutenez.
Erredakzioa
Amaiurrek murrizketen kontrako protestak "zigorgabetzeko" eta Gobernuaren zigor prosezuak baliogabetzeko eskatuko du Diputatuen Kongresuan, Madrilen.
Xabier Mikel Errekondo eta Onintza Enbeita koalizio independentistaren bi diputatuk datorren astean Madrilen aurkeztuko duten ekimenaren berri eman dute gaur, larunbata, egindako prentsaurrekoan. Ekimena krisialdi ekonomikoaren baitan kokatu dute, herritarrak kalean manifestatzera eraman dituena.
Enbeitaren hitzetan, testuinguru honetan "zilegi" eta "betebehar bat" da urteetan lortutako eskubideen alde egiteko kalera ateratzea eta, ziurtatu duenez, gobernuak jarrera horiek "kriminalizatzen" saiatzen ari dira, "ezta sumintzeko ere eskubiderik izan ez dezagun".
Amaiurren diputatuaren arabera, jende asko "muturreko egoera" bizitzen ari da, eta horren aurrean protesta egiteko eskubidea dauka, eta protestak baketsuak badira "Poliziak modu baketsuan esku hartu beharko luke".